Ostiral arratsaldeko 18:00etan Etumeta AEK euskaltegian finkatua du Korrika Batzordeak, bilgunea osatu osteko hurrengo bilera. Martxoaren 22an, Zubieta, Usurbil eta Aginagatik igaroko den euskararen aldeko lasterketaren nondik norakoak lotzeaz arturatuko da batzordea. "Herriko elkarte zein norbanako guztiei bertara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, guztiak izango zarete ongi etorriak!", adierazi dute euskaltegitik.
Sare sozialetan gune bat martxan jarri dute. Facebook-en hain zuzen. "Korrika 19 Lasarte-Usurbil" orrialdean aurkituko duzue, euskararen aldeko lasterketa gure artera heldu aurretik antolatuko diren ekintzen informazioa. Aurreko urteetako argazkiak partekatzeko gunea ere izango da. "Interesa baduzue atsegin dut, besterik ez duzue klikatu behar", gonbidatu gaituzte.
Kilometroak eskuratzeko aukera
"Zure koadrilarekin, familiarekin, lankideekin... lekukoa eraman nahi baduzu, kilometroak lortzeko aukera daukazu! Otsailaren lehen astetik aurrera, eskuratu zure kilometroa AEKren edozein euskaltegitan", antolakuntzatik berri eman dutenez. Usurbilen kasuan, Etumeta AEK euskaltegian bideratu beharko dira eskaerak:
Nagusia, 43
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00-12:00 / 16:00-20:00.
607 609 379.
usurbil@aek.org
www.aek.org
muntteri.blogspot.com.es
Martxoaren 22an, eguerdian
19. Korrikako antolakuntzak argitaratu du martxoaren 19tik 29ra euskararen aldeko martxak herriz herri osatuko duen ibilbidea. Gogoan izan, martxoaren 22an helduko dela Aginaga, Usurbil eta Zubietara. Goizean Donostiatik igaro eta Lasartera helduko da 12:31n. Hipodromo aldera doan zubian hartuko dugu lekukoa eguerdi partean. Eta handik, hauxe 19. Korrikak inguruotan osatuko duen ibilbidea:
Zubieta
Zubieta alderik alde zeharkatuko du Santueneko zubiraino.
Usurbil
Santueneko zubitik Atallu industriagunera. Bizkarretik Kalezarrera. Kalezarretik, Bordatxo aurreko errotondara. Eta handik behera, Zubiaurrenea kaletik Kale Nagusira. Kale Nagusitik San Inazioko errotondora. N-634 errepidean sartuko da gero, 19. Korrika, Aginaga alderantz.
Aginaga
Aginagan: N-634 errepidetik Mapil pareraino jarraituko du 19. Korrikak. Errepidetik atera gabe. Mapilen, 14:40an oriotarrek hartuko dute lekukoa.
Honenbestez, duela bi urte ospatu zen 18. Korrikarekin alderatuta, kontrako noranzkoan lasterka egin beharko dugu. Alderantzizko ibilbidea osatuko dugu. 11 egunez etenik izango ez dueen 24 orduko lasterketa, martxoaren 19an, 17:00etan abiatuko da Mauletik. Martxoaren 29an 12:30etan helduko da Bilbora, helmugara. 19. Korrika non, noiz eta nondik igaroko den ikusteko klikatu lotura honetan: Ibilbidea herriz herri
19. Korrikaren ibilbidearen mapa: Mapa
Informazio gehiago: korrika.eus