Martxoaren 1ean Donostian ospatuko den 26. Lilatoian Gattunk taldea osatzeko proposamena luzatu dute #Kilometroak15 ekimenetik. Animatzen direnak, eman dezatela izena, otsailaren 17a baino lehen, kilometroak2015@ikastola.net helbidean. Bestela deitu, 688 639 910 telefono zenbakira. “Norberaren datuak bidaltzeaz gain, bidali kamisetaren neurria ere, mesedez, kamiseta berezi bat aterako dugu-eta. Lilatoian ere, parekidetasunaren aldeko aldarria zabal dezagun!”, luzatu dute gonbita.
Munduan Gattunk
Arropa, zapia edo txapekin munduko txoko ezberdinetan atera ditzakezuen argazkiak jaso nahi dituzte #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileek. Irudirik baldin baduzu beraz, bidali kmk15_komunikazioa@udarregi.com helbidera. Edo igo bestela Twitter-era, #GATTUNK traola erabilita.
Tonbolarako materiala uzteko deia
#Kilometroak15, Udarregi Ikastolako eraikin berria diruz laguntzeko baliatu nahi da. Horretan, diru iturriak lortzeko lanean dabil batzordeetako bat. Beste ekimenen artean, tonbola antolatu asmo dute Sagardo Egunean, Santixabeletan eta Kilometroak egunez. Tonbolarako materiala biltzen ari dira. Zuek ere parte har dezakezue. Tonbolarako ekarpenik egin nahi duenak idatzi dezala usurbil@udarregi.com helbidera edo deitu, 943 36 12 16 telefono zenbakira.
Laguntza behar dute, "Gure Zozketa" ekimenerako
#Kilometroak15 ekimenaren aldeko Gure Zozketa ekimeneko errifak herriz herri saltzeko laguntza behar da. Gogoan izan, "urtean zehar hainbat gastu ordaindu behar direla. Gurasoen nahiz langileen artean banatutako txartelen salmentaz gain, familiei irteeretan parte hartzea eskatzen da, gehiago saldu behar baita helburu ekonomikoak bete nahi badira. Ez da ahaztu behar, helburu nagusietakoa eraikin berriaren zorra ordaintzeko dirua ateratzea dela... Ikastolatik".
Gure Zozketa ekimenak 60.000 euroko sari potoloa jarri du jokoan. Errifak saltzen lagundu nahi duenak, Udarregi Ikastolako idazkaritzara gerturatu eta bertan eskatu errifak. Edo deitu 943 36 12 16 telefono zenbakira. "3 orduko irteerak izaten dira eta bi pertsonekin nahikoa izan daiteke. Zenbat eta talde handiagoa, giroa ere hobea izango da", antolatzaileen esanetan.
Errifa saltzen dabiltzanek aipatu digutenez, jende berria eta herrietako giroa ezagutzeko aukera ederra ematen du, errifen salmentak. Bide batez, eskerrak eman nahi dituzte #Kilometroak15-etik "guraso nahiz langileei orain artekoagatik, baina zozketa taldean irteera batekin behintzat laguntzera animatu nahi genituzke, Tolosako Inauterietan, sagardo denboraldian, besteak beste....".