Nafarroa hegoaldeko oliba olioa eskuragarri, Errigoraren kanpaina berrian

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 11a, 06:01

2015eko lehen kanpaina martxan jartzear du, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagundu eta tokiko produktuen salmenta sustatzen duen Errigora ekimenak. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktu sorta bat eskaintzen zuten udazkenean. Orain, bertako oliba olio bidoiak saltzeko egitasmoa abiatu dute. Eskaerak egiteko epea otsailaren 20an zabalduko da. Helbide honetara idatzi dezakezue; usurbil@errigora.eus. Edo bestela, etorri NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzara, eta eskuratu izen emate orria. Martxoaren 4ra arte bideratu ahalko dituzue eskaerak. Olio bidoiak ekartzen dituztenean (martxoaren 12-13an), eskatu dutenekin harremanetan jarriko gara. Bi olio bidoi hauek dituzue eskuragarri:
-Oliba olio birjina estra ekologikoa: 5 litro, 28 eurotan. 
-Oliba olio birjina estra konbentzionala: 5 litro, 20 eurotan.

Prezioei begira, Errigoratik argitu nahi dutenez, "aurtengoa azken urteetako oliba uzta eskasena izan da. Horixe da olioaren prezioak gora egin izanaren arrazoia". 



"Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura"
Hauxe, Errigorakoek kanpaina berrirako hautatu duten leloa. #ESKUTIKeskura egitasmoaren bidez, bertako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea proposatzen digute Errigoratik. Iaz, 30-35 herritan bideratu zuten kanpaina hau, eta 30.000 litro olio banatzea lortu zuten, "ehunka lagunen lanari eta ilusioari esker". Aurten, 50 herrietara hedatu asmo dute. Eta bigarren olio ekoizle bat batu da proiektura.

"Asko gara udazkeneko kanpainako keinuaz haratago, gure kontsumo ohiturak birplanteatu eta, urrunekoen ordez, urte osoan bertako jakiak kontsumitzeko prest gaudenok. Horretara dator #ESKUTIKeskura, Nafarroa hegoaldeko produktuak herriz herri eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskaintzera, despentsa urte guztirako betetzeko. On egin!", diote Errigoratik. 

Kalitatezko jakiak eskuratzeko aukera eskaini, Nafarroa hegoaldeko nekazari eta ekoizleen ogibidea babestu eta ingurumena zaindu nahi dute, proiektu honen bidez. Merkaturatze bide berri bat zabalduz, auzolana sustatuz eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat egokiak diren prezioak finkatuz.

Oliba olio bidoien kanpaina amaitu ostean, kontserba loteen egitasmoa sustatuko dute Errigoratik, maiatzean.
Informazio gehiago: errigora.eus