Topaguneak, Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazioak elkarlanean antolaturiko Euskararen Ginkana abiatzear da. Euskaraz eta euskararekin dibertitzeko aukera eskaini nahi duen ekimenaren laugarren edizioa ospatuko da aurten; IKTak eta ekologia izango ditu gai nagusitzat. Taldekako lehiaketa izango da eta euskararen aldeko proiektu batera bideratu beharko diren 3.000 jarriko dituzte jokoan. Talde bakoitza, 16 urtetik gorako 4-6 lagunez osatuko da eta elkarte edo eragile bat ordezkatu beharko dute. Izen ematea zabalik egongo da, otsailaren 18ra arte.
Bi fase izango ditu txapelketak; hasteko, otsailaren 19tik martxoaren 26ra luzatuko den Internet bidezko 6 probez osaturiko lehen fasea. euskararenginkana.net atarian plazaratuko diren probak gainditu beharko dituzte lehiakideek. Bertan, puntu kopuru gehien batzen dituzten taldeak, apirilaren 18an, Donostiako Ekogunean ospatuko den finalera igaroko dira. Txapeldunek euskararen aldeko proiektu batera bideratu beharko duten, 3.000 euroko saria irabaziko dute. Proiektua, izena ematerakoan aurkeztu beharko dute. Diruaz gain, talde finalistek produktu ekologikoz osaturiko otarre bana irabaziko dute. Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta izen emateko: euskararenginkana.net