Otsailaren 23a, Santixabelak lotzen hasteko eguna

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 11a, 08:40

Otsailean egonik uztaila urruti dela pentsa dezakegu, ez ordea uda hasieran ospatuko diren Santixabelak prestatzen hasteko. Antolaketa lanak abiatzeko lehen hitzordua finkatu du jada Jai Batzordeak. Otsailaren 23an, astelehenarekin, 18:00etan Potxoenean, herriko festen nondik norakoak zehazten hasteko abiapuntua izango den bilkura. Ohi bezala irekia, herritar nahiz eragileei zuzendua. 


Gastu gutxiago eta irabaziak, iazko Santixabeletan
Iazko jaietako balantze positiboa egin zuen Jai Batzordeak, urte amaieran. 77.000 euro pasatxoko diru partida aurreikusia zegoen Usurbilgo Udaleko kultura eta zerbitzuetako aurrekontuetan, 2014ko Santixabeletarako. Baina azkenean, 6.000 euro gutxiago gastatu, eta gainera, 2.000 euroko diru sarrerak jaso ziren, uztailaren 1etik 6ra ospaturiko herriko festetan. 

Aurrekontuko diru kopuru handiena, kontzertu, txaranga eta erromeria taldeak kontratatzera bideratu ziren; ia 18.000 euro. 5.000-6.000 euroren bueltan kosta ziren, txosnaguneko ekintzak, Haurren Egunekoak, herri kirolak, 220 adinekoen bazkaria... Aipatzekoa halere, kasu gehienetan, aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu zela.      

Nabarmentzeko alderdi gehiago. "Santixabel jaietako aurrekontuan azpimarragarria da, kultur eragileekin batera kudeatutako aurrekontua dela: kultur eragileek proposamenak aurkezten dituzte, Jai Batzordean proposamenak aurrekontuetan dagoen diruari egokitzen zaizkio, talde bakoitzari ekintza antolatzeko behar duen dirua ematen zaio eta azkenik, ekintza egin ondoren, zuritu egiten da", Jai Batzordetik berri eman zutenez.
 
Santixabeletako Jai Batzordeak ezagutzera emandako balantzea xehetasun guztiekin, hemen: Santixabelak 2014, balantze ekonomikoa