"Lau urterako hartu nuen alkate izateko konpromisoa eta lau urte horiek bete ondoren, nire lanera itzuliko naiz". Hala iragarri du amaitzear den legegintzaldi honetan, Mertxe Aizpuruak berak, Usurbilgo EHBilduk argitaratu eta etxez etxe banatu duen aldizkariari eskaini dion elkarrizketan. Azken lau urteotako balantzea jasotzen duen "2011/2015 legegintzaldiaren balantzea" argitalpenean, hala dio: "Lau urterako nuen alkate izateko konpromisoa eta lau urte horiek bete ondoren, nire lanera, Gara egunkarira, itzultzeko asmoa dut. Kargurako hautagai izatea proposatu zitzaidanean egoera berezian ginen. Hainbat pertsona ezin ziren aurkeztu eta ezezkoa emateko eskubiderik ez nuela sentitu nuen. Baina beti izan dut buruan legegintzaldia ahalik eta era egokienean eraman behar nuela aurrera eta hor bukatzen zela. Zorionez, egoera aldatu da eta duela lau urte hauteskundeetan aurkezteko zeuden oztopoak desagertu dira".
Elkarrizketa berean, maiatzeko udal hauteskundeetara Usurbilgo EHBilduk alkatetzara aurkeztuko duen hautagai berriari zer aholkatuko liokeen galdetzen diote. Hala dio Mertxe Aizpuruak: "Ez dut dudarik EHBilduren baitan ongi aukeratuko dugun pertsona izango dela hurrengo alkatea". Aholkatuko liokeena: "bada herri ordezkariok burmuinean grabatuta eraman beharko genukeen ideia bat: herriaren eta herritarren zerbitzura gaudela".
Usurbilgo egungo alkateak, lau urteotako balantzea egin du elkarrizketa berean.
Hauteskundeei begirako prozesua
Usurbilgo EHBilduk, azkenetan den legegintzaldi honen balantzea egitearekin batera, maiatzeko udal hauteskundeei begirako herri programa eta zerrendak osatzeko prozesua abiatuko du, otsailaren 21ean. Honatx iragarri dituzten bileren egutegia:
Otsailak 21, larunbata:
11:00 Herri batzarra Potxoenean: zerrendak osatzeko jasotako izen proposamenak aurkeztea, herri programa eta metodologiaren aurkezpena.
Martxoak 7, larunbata
10:00 Mintegia Udarregi Ikastolan: arloka lan taldeak osatuz, programan sakontzea da helburua, eta lehentasunak zehaztea.
Martxoak 21, larunbata
11:00 Herri batzarra Potxoenean: herri programa eta zerrendak erabakitzea.
Hitzorduotara agertu ezin dutenek, ekarpenak egiteko aukera izango dute, ehbildusurbil@gmail.com helbidera idatzita.