Mertxe Aizpuruaren balantzea eta agurra

EHBilduUsurbil 2015ko ots. 11a, 18:52

 

 

“Lau urterako hartu nuen alkate izateko konpromisoa eta lau urte horiek bete ondoren nire lanera itzuliko naiz”

Amaitzear da legegintzaldia, eta Mertxe Aizpurua alkateak agur esango digu. Duela lau urte alkategai izateko proposatu zitzaionean, egoera berezia zela gogorarazi du, Espainiako Alderdi Legearen ondorioz, hainbat pertsona ezin zirelako aurkeztu hautagai gisa: “Ezezkoa emateko eskubiderik ez nuela sentitu nuen”. Lau urteak igarota, bere lanera, Gara egunkarira, itzuliko da. Usurbildarrei eskerrak eman nahi dizkie maitatua eta errespetatua sentitu delako eta alkate izatea eroso egin diotelako. Eskerrik asko zuri ere Mertxe.


- Legegintzaldia amaitzear dago, ze balantze egiten duzu?
Balantze baikorra egiten dut, batez ere krisi ekonomikoak nolako testuingurua ekarri digun ikusita. Legegintzaldi hau diru iturrien jeitsierak markatu duen legegintzaldia izan da. Udal Gobernutik gauzak era egokienean egiten saiatu gara eta ardura politikoz jokatu dugu, Usurbil eta usurbildarren onerako diren ekimenak bultzatuz. Ez da erraza izan, baina egoera ekonomikoari aurre egin diogu, nire ustez, oso kudeaketa ona eginez. Euskal Herriko egoera politikoak izan duen aldaketa ere sumatu da, horrek islada izan du herrian eta krispaziorik gabeko legegintzaldia bete dugula esan dezakegu.


- Zertan asmatu duzula uste duzu?
Udaletxeko hormetatik barrura, zinegotziok osatu dugun taldea azpimarratuko nuke. Hau ez da nire meritua soilik, guztiona da, baina lantalde bat bezala aritzea lortu dugu. Ez da ohikoa izaten, batez ere duela lau urte gure artean apenas elkar ezagutzen ez ginela kontutan hartuta. Oso giro onean eraman dugu legegintzaldia eta horren emaitza herrigintzan ikusi da. Herritarrekiko harremanei dagokienez, gertutasuna eta alkatearengana hurbilzeko erraztasunak eman ditudala nabarmenduko nuke. Alkatetzaren ateak zabalik egon dira beti, eta hau ez da metafora bat. Fisikoki ere horrela izan da. Hortik aurrera, besteei uzten diet balorazioa. Udalaren barruko dinamikak zurrunbilo batean sartzen zaitu eta balorazio zuzena egiteko distantzia hartu behar da. Ez naiz egokiena hori egiteko.


- Eta zertan huts egin duzula uste duzu?
Lau urte alkatetzan hutsegite asko egiteko tartea ematen du eta egingo nituen. Dena den, neurri handikoak ez direla izango pentsatu nahi dut. Orohar hartuta, Udal Gobernuaren buru bezala, komunikazio arloa erabat alboratuta utzi dugula aitortu behar. Aurrekontuetan murrizketak egin behar ziren, eta komunikazioaren partida kendu genuen. Udalak herritarrei jakinarazi behar die zertan ari den eta hor defizita izan dugu. Hau aitortzea mingarriagoa egiten zait nire ogibidea komunikabideekin lotuta dagoela kontutan hartua, baina... tira! horrela izan da. Bestalde, Hirigintzako Plan Orokorraren Aurrerakinaren prozedura erabat bukatuta uztea zen nire helburua. Denbora gutxiagatik ez da horrela izango. Atzerapenak garrantzi erlatiboa du, baina egia da bukatuta utzi nahi nuela eta ez dudala lortu. Kasu zehatzetara joanda, batzuekin edo besteekin hutsegiteak egingo nituen, baina esaldiak dioen moduan “okertzen bagara, behartsuenen alde izan dadila”.


- Aurrera eramandako egitasmoen artean, zeinek asebete zaitu gehien?
Zintzoa izanda, egitasmo handi edo herriak ikus ditzazkeen proiektu edo ekimenetan baino, beste maila bateko eginkizunetan aurkitu dut asebetetze hori. Adibide modura, aspalditik Udalean blokeatuta zeuden arazoei irtenbidea aurkitu zaionean benetako poza sentitu dut; edo Udalak zuzenean ardura izan gabe ere, bitarketari bezala aritu izanak, pertsona edo famili batek zuen arazo administratiboa edo legala konpontzera eramateak... tankera honetako gauzak izan dira nire jardunean gehien baloratzen ditudanak. Horietaz interesatuak bakarrik enteratzen dira, eta ez dira beste inorengana iristen, baina niregan arrastoa utzi duten lorpenak horiek izan dira.


- Udalbiltzako lehendakaria ere bazara. Zer lan egin duzu batez ere?
Bai, jardunaren zati garrantzitsua da. Usurbilgo Udaletik Euskal Herrirako ikuspegira saltoka ibiltzen naiz. Udalbiltza bersortu zenean hartu nuen Lehendakaritza eta egituratzea eta helburuei aurre egiteko egitura osatze lanetan ibiliak izan gara lehen urtean. Ondoren, hainbat egitasmo jarri ditugu martxan, guztiak euskal herritarren artean kohesioa eta harremanak sustatzea helburu dutenak. Zazpi herrialdetako hautetsiak biltzen gara Udalbiltzan eta Euskal Herria eraikitzen hasteko tresna ezinbestekoa da.


- Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko parada ere emango zizun ardura horrek.
.Noski. Udaletxe desberdinetako zinegotzi eta alkateak ezagutzeko parada eman dit. Euskal Herria oso anitza dela jabetzen zara; nahiz eta denok hori aintzat eman, askotan ahaztu egiten zaigun zerbait da. Oso esperientzi aberasgarria da. Azken denbora honetan, Ipar Euskal Herrian dagoen indarra nabarmenduko nuke.


- Zer asmo duzu hurrengo legegintzaldirako?
Lau urterako hartu nuen alkate izateko konpromisua eta lau urte horiek bete ondoren nire lanera, Gara egunkarira, itzultzeko asmoa dut. Kargurako hautagai izatea proposatu zitzaidanean egoera berezian bizi ginen. Hainbat pertsona ezin ziren aurkeztu eta ezezkoa emateko eskubiderik ez nuela sentitu nuen. Baina beti izan dut buruan legegentzialdia ahalik eta era egokienean eraman behar nuela aurrera eta hor bukatzen zela. Zorionez, egoera aldatu da eta duela lau urte hauteskundeetan aurkezteko zeuden oztopoak desagertu dira.


- Datorren berriari zer aholkatuko zenioke?
Ez dut dudarik EHBilduren baitan ongi aukeratuko dugun pertsona izango dela hurrengo alkatea. Norberarentzat baliogarriak diren irizpideak ez dute zertan baliogarriak izan behar beste edonorentzat, baina bada herri ordezkariok burmuinean grabatuta eraman beharko genukeen ideia bat: herriaren eta herritarren zerbitzura gaudela. Esaldi simplea da, baina ez da hain simplea horren baitan aritzea. Herriarena garbiago ikusten dugula iruditzen zait; herritarrena lausotu egiten zaigu batzutan.


- Pertsona gisa, zerk aportatu dizu alkate izateak?
Aberasgarria izan da. Herria beste ikuspuntu batetik antzeman dut; herria eta herritarrak ezagutu ditut eta esan beharra daukat ere esperientzi honek balore handiko pertsonak deskubritzeko balio izan duela. Era berean, asko ikasi dut . Horrela izango zela pentsatzen banuen ere, harrigarria da zenbat arlo berrien ezagutza maila lortzeko aukera ematen duen udal ordezkari izateak.


- Zer esango zenieke usurbildarrei?
- Eskerrak emango nizkieke 2011ko hauteskundetan nigan konfidantza jartzeagatik. Baina eskerrak batez ere, lau urte hauetan maitatua eta errespetatua sentitu naizelako eta alkate izatea eroso egin didatelako.