Usoa Zumeta: “Artisau lana da gurea”

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 12a, 10:26

Jende asko ari da #Kilometroak15 egunaren alde lanean. Bere sormena eta bere denbora eskaini dutenen artean da Usoa Zumeta. Kilometroak-en alde egin dituen serigrafiak aitzakia hartuta, bere estudio berria ezagutzeko aukera izan dugu.

Kilometroak-en aldeko mural bat egin zenuten Jose Luis Zumetak eta zuk. Mural hori serigrafia bidez eskuratu daiteke. Nola sortu zen ideia? 
Murala egin zen lehenbizi. Ekarpen bat ere egin nahi genion #Kilometroak15 egunari, eta murala egin behar zenez, serigrafiarena proposatu genuen. Hainbat bilera egin genituen eta erabaki zen 150 aleko edizio bat egitea. Ez dakit nola doan salmenta, baina promozio lan  handia egiten ari dira.

Garai aldrebes hau, zure ogibidean ere igarriko zen ezta? 
Artea beti egon da krisian. Beti izan da gorabehera handikoa. Urte oso onak egon dira, boom ekonomikoaren garaian, baina hura ere ez zen oso normala eta ikusten zen lehertu behar zuela nonbaitetik. Baina bestetik, onuragarria ere izan da. Jendeak artearekiko beldurra galdu du. 

Jendea ausartzen da orain obra erostera, eta garai batean elitistagoa zen. Esfortzu txiki bat eginez, serigrafia bat edozeinek erosi dezake.

Serigrafiarena betidanik argi izan duzun kontu bat izan al da?
Arte Ederretan ikusentzunezkora eta pinturara jo nuen. Gero pinturarekin bakarrik segitzea erabaki nuen. Bigarren mailan nengoela, serigrafia ikastaro bat egin nuen Artelekun. Hori izan da nire formazio bakarra serigrafia arloan. Baina aitak hasieratik esan zidan, “hori ikasten baduzu, nik lana emango dizut”. Berak ezagutzen zuen grafika kontua eta beti gustatu izan zaio.

Eta orain zure ogibidea da.
Aitarekin lan asko egin nuen hasieratik. Denborarekin, konfidantza hartzen joan naiz. Bereziki, beste artista batzuei gauzak proposatzeko orduan. Nahikoa ondo moldatzen naiz teknikarekin. Eta bentaja dut Arte Ederrak ikasi izanarekin, horrek oinarri handi bat eman didalako, estetikoki batez ere.

Oso fisikoa da zure lana, ezta?
Bai, hala da. Serigrafia industrialean makina automatikoak erabiltzen dira baina nik manualki egiten dut lan.

Inprenta asko itxi dira. Serigrafia mundua ere azkenetan al da?
Egun inpresio digitala nagusitasuna hartzen doa arlo askotan. Gurea mantenduko da, serigrafia artisau teknika bezala balioan jartzeko gai bagara eta bide luzea dago egiteke.

Baina zaila da, materiala bera ere galtzen goazelako. Gero eta zailagoa da tinta onak lor–tzea. Eskuz egindako paperarekin ere gertatzen ari zaigu. Fotolitoak lantzeko materiala ere desagertzen ari da…

 

“Azkenaldian bisita asko egin nizkion Nestor Basterretxeari"

Erakusketak ere antolatu izan dituzu. Baduzu besteren bat buruan?
Normalean ez dut erakusketan pentsatzen. Obra asko editatzen dudanean, eta materiala batzen joaten naizenean, orduan hasten naiz erakusketan pentsatzen. Dena den, aurten, badut ideia konkretu bat buruan eta horri heldu nahi nioke.

Zerbait aurreratzerik bai?
Azken urteotan harreman dezente izan nuen Nestor Basterretxearekin. Bagenuen erakusketa bat egiteko asmoa, baina gauza askorekin zebilen, kezka handiekin... Azken urteotan fondo asko egin nizkion. Azken elkarrizketetan borobilera bueltatzen hasia zela aipatzen zidan. Hori egiten hasi zela gaztetan eta borobilera bueltatzen ari zela orain. 

Eraman nizkion fondo borobil batzuk, baina gero hil egin zen eta ez dut bere lanaren emai–tzarik ikusi.  Dena den, egitasmo horri tira eginez, pentsatu dut ideia hori proposatzea artista ezberdinei. Abiapuntua eman eta ea artista bakoitzak zer egiten duen ondoren. Berez, niri ez zait gustatzen artista horrela baldin–tzatzea, baina proposamen hau oso irekia dela iruditzen zait. Nik abiapuntua emango diet eta gero erabakiko dute abiapuntua mantenduko duten, edo borratuko duten ondoren... Aurten egin nahiko nuke.

Aitarekin eta Koldobika Jauregirekin hitz egin dut eta nirekin lan egiten duten beste artista batzuei ere proposatu nahi diet. In memoriam moduko erakusketa izango da. Azkenaldian bisita asko egin nizkion Nestor Basterretxeari. Harremana genuen. 

 

“Ametsa ametsgaizto bihurtu da”

Noiz sortu zen Txikierdiko estudio hau sortzeko premia? 
Lurrak ibilbide luzea dauka. Aitak 70eko hamarkadan erosi zuen, eta lur-erauzia eta zimentazio perimetrala egin zen orduan. Muralen garaia zen hura. Enkargu bat jaso zuen Arrasatetik, eta lan hura burutzeko erosi zuen terrenoa. Zeramikako estudio bat ipini nahi zuen. Lur-erauzia egin zuen, zuhaitzak landatu zituen... Baina Arrasateko enkargua bertan behera geratu zen. Aita dagoeneko obratan sartuta zegoen eta lan hura gabe geratu zenean, galera handia izan zen aitarentzat.

Diru horrekin kontatzen zuen estudioko obra egiteko. Eta horrek galera handiak ekarri zizkion. Lurra saldu behar izan zuen. Hernaniar batek erosi zuen, musika estudio bat eta anfiteatro natural bat egin nahi zuen bertan. Baimena lortu zuen baina proiektu hura ere bertan behera geratu zen. 

Duela sei-zazpi urte, lurra eskuratzeko aukera izan genuen. Aitarekin hitz egin nuen eta azkenean erdibana erostea adostu genuen. 

Zuen estudioez gain, bada erakusketa areto itxurako beste gune bat.
Proiektua definitzen joan zen heinean, hirugarren espazio bat sortzeko aukera suertatu zen. Goikaldeko belazean. 

Normalean, arte munduan gabiltzanon tailerra kaos bat izaten da. Eta jendea erostera etortzen denean, inoiz ezin dugu dena garbi erakutsi. Espazio hori behar da. Eta hori egiteko espazioa bazen. 

Aspaldi hasi zineten baina ez duzue inauguratu oraindik. Zer dela eta?
Xabier Mikel Errekondoren garaian hasi ginen. Guk argi genuen lanerako espazio bat behar genuela eta udalak argi zuen hobe zela herriko artistak herrian geratzea. Guretzat estudioa Txikierdin gauzatzea, duela ia 40 urte hasitako amets bat betetzea zen. Beraz, gure beharrei erantzuten zion proiektu bat diseinatu genuen, Udalak baimendu zuen eta halaxe eraiki zen.

Udal gobernuaren aldaketa eman zen ondoren, udal arkitek–toa ere aldatu zen, eta hor hasi ziren arazoak, dakidanez beste herritar askorentzat bezala. 

Eta zertan daude gauzak orain?
Beste proiektu bat eskatzen zaigu: behin estudioa eraikita zegoenean eta nahiz eta proiektu pribatu bat izan, interes publikoa duenez, udal gobernu berriarekin hitzarmen bat sinatu zen. Herritarrentzat urtean behin erakusketa bat eta 10 bisita gidatu antolatuko ziren. Ondorioz, Udalak jendea jasotzeko irisgarritasun araudia bete behar genuela eskatu zuen, eta guk aurreko udalak baimendutako proiektuan ez genuen aurreikusi horrelakorik. 

Gure aldetik hasieratik azaldu dugu moldaketa lanak egiteko borondatea: kotxez iristen da goikaldera, eskubaranda duen ranpa bat dago eskailerak ekiditzeko, gurpildun aulki batekin bira emateko sarreraren aurrean pasabidea zabaldu da, sarreran irekitzen diren 80 zm-ko bi ate daude, komuneko bi ateak 90 zm-koak jarri dira, komuneko barrak jarri dira, konketa aldatu da behekaldea libratuz… 

Araudiek beti dute interpretaziorako tarte handia, baina gure ustez araudiaren irizpide orokorrak betetzen dira eta erabilpena bermatuta dago edonorentzat. Azpimarratu nahi dugu Udalak bere garaian baimendutako proiektua gauzatu dela. 

Horregatik ez dugu ulertzen irekiera baimena ez jasotzea. Bidea luzea izan da eta okerrena Udalarengandik sentitu dugun deskonfiantza izan da, benetan amorragarria eta etsigarria da egoera hau.

Epe laburrean, inauguraziorik egiteko asmorik ez orduan.
Gu lanean gaude eta hori izan da guretzat lehentasuna hasieratik. Proiektu honek Usurbilen zuen zentzua, baina izandako trabak ikusita… Ilusioa galdu dugu, ametsa ametsgaizto bihurtu da.

 

[KMK2015] Zumetatarren serigrafia, ikastolaren alde from Kilometroak 2015 Usurbil on Vimeo.

Orain arte, etxean egiten zuen lan Usoak

Gauetik egunera bezala. Estudio honek ez du aurretik zenuenarekin zerikusirik, ezta?
Usoa Zumeta. Ez bakarrik espazioagatik. Deskonekta–tzeko aukera dut orain. Lehen etxean egiten nuen lan eta orain etxetik atera eta “lanera noa”. Etxean lan egin behar baduzu, ez zaude geldirik inoiz. Ez duzu mugarik. Egun batzuetan, ogi bila bakarrik jaisten nintzen. 

Ordu asko egiten dira lanean baina estudio berrira etorri nintzenetik, orain etxeaz ere gozatzen ari naiz

Eta aita, orain aldamenean duzu lanean.
Estudio hau bukatu genuenean, aita ondoezik egon zen. Gaintzako (Nafarroa) estudioan egiten zuen lan, baina geroztik hemen dago lanean.

Erosotasunean irabaziko zenuen.
Lehen serigrafia-froga bat egiten nuen eta Betelura joan behar nuen, aitari erakutsi, bueltatu berriro nire etxera... Maila horretan, nire lana pilo bat erraztu egin da.  

Zuen arteko komunikazio artistikoa ere, handiagoa izango da orain, ala ez?
Bera hemen egonik, sortzen da komunikazio bat, bai. Hemen erabiltzen ez den material asko aprobetxagarria da eta berak, batzuetan, hortik egiten du tira. Uste dut berak presenteago duela serigrafia orain, beti du ideiaren bat, zerbait egiteko kuriositateren bat...