Usurbilgo Eragile Feministak larunbat honetan ospatuko dugun Inauteri Festa egunerako antolatu duen ekimena da. Poteo orduan burutuko dute. Tonbola ibiltaria izango da. Euro baten truke, opari eta jostailu ezberdin asko egongo direla iragarri digute. “Inauterietan utzi lotsa etxean, animatu eta atera kalera!”, Eragile Feministakoen gonbita herritarrei.
“Izarren argia”, otsailaren 22an Sutegin
Euskal Memoria Fundazioak 1938-1945 urte artean, Mutrikuko Saturrarango kartzelan espetxeratuak egon ziren pertsonen zerrenda publikatu zuela zabaldu zen aste hasieran. Une berean jaso genuen Usurbilgo Eragile Feministak bidalitako honako deialdi hau. Otsailaren 22an, igandearekin “Izarren argia” proiektatuko du Eragile Feministak, 18:00etan Sutegiko auditorioan. Hain zuzen, Saturrarango kartzelan gertaturiko egoera latza azaltzen duen ikus-entzunezkoa. Film emanaldirako sarrera doakoa izango da. Hilaren 22koa ez da Eragile Feministatik deitu duten hitzordu bakarra. Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren bueltarako egitaraua osatzen dabiltza asteotan.