Kolorea eta umorea jarri diote herritarrek, Inauteri egun busti honi

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 14a, 16:58

Egun goibel hau, kolore eta umore bikainez blaitu dute herritarrek. Inauterietarako mozorroen azpian ez da falta izan, antzezpen, barre algara eta jai girorik. Inauteri Festa, egun honen lehen orduetan atera ditugun irudiotako eta gainerako herritarrik gabe ez zen posible izango.

Herritarren mozorro desfilea etengabekoa izan da eguerdi partetik, frontoi eta taberna inguruetan. Ipuinei lotutako gaia proposatzen genuen. Denetariko animaliak, eta ipuinetako hainbat pertsonaia ezagun agertu zaizkigu Usurbilera. Koadrilatan bilduak gehienak. Guraso eta haurrak kasu askotan. Haietako bat baino gehiago, eguna aprobetxatuz, sagardotegi edota elkarteetara joan da bazkaltzera.

Kalejira iluntzean
Arratsaldean jarraituko du Inauteri Festak. 18:00etan Burrunbazale txarangararekin kalejira, Eragile Feministaren tonbola erotikoa poteo orduan, eta aldez aurretik txartelak erosiak dituztenek, 21:30etan Usurbilgo Gaztetxean egingo den afaritara joango dira. Hortik aurrera parranda, norberak luzatu nahi duen ordura arte.