Inauteri Festako mozorro desfilea, iruditan

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 16a, 11:42

Ipuinetako pertsonaia eta animalia ezagunez bete zen herria larunbateko Inauteri Festan. Beste behin, giro ederra eta jai giroan murgiltzeko gogoa erakutsi zuten herritarrek. Mozorro desfile bikaina ikusi genuen egunean zehar, eguerdiaz geroztik frontoi eta taberna inguruetan. Ipuinei lotutako gaia proposatzen genuen. Denetariko animaliak, eta ipuinetako hainbat pertsonaia ezagun agertu zitzaizkigun Usurbilera. Koadrilatan bilduak gehienak. Guraso eta haurrak kasu askotan goiz eta eguerdi partean. Haietako bat baino gehiago, eguna aprobetxatuz, sagardotegi edota elkarteetara joan zen gero bazkaltzera. 

Karrozen ohitura indartzen
Duela urte batzuetatik hona tradizio bihurtu denari segida eman diote aurtengo Inauteri Festan. Karrozez ari gara. Txozna gisa baliatzen zuten kalabaza erraldoi bat prestatu zuen koadrila batek. Saguak zituen gaztelu bat beste talde batek. Zepo bat ere diseinatu zuen, saguz mozorrotuta zihoan bikote batek. Eta ez zen falta izan ezta ere musika, karroza hauetan. Bazen bat, oholtza gisa erabiltzen ari zirena, kalean gora eta behera. Txalotzekoa denek egin duten lana.

Bi kalejirek girotu zuten Inauteri Festa. Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak urteko lehen irteera egin zuen larunbatean. Euriagatik, erraldoi dantza ikusteko ordea, frontoira gerturatu beharra zegoen. Aterpera. Dultzaineroen erritmora aritu ziren, jira batera, bira bestera. Eguerdian erraldoiekin gertatu bezala, beste hainbeste iluntzean Burrunbazale txarangako kideekin. Frontoi eta taberna inguruak dantzan jarri zituzten. Eguerditik kalean zebiltzan koadrilei, gazte koadrila berriak gehitu zitzaizkien festara. Parranda giroa gaueko ordu txikiak arte luzatu zen.

Hemen, larunbateko Inauteri Festako zenbait irudi. Bilduma, Argazkitegia atalean ikusgai duzue: