2014ko Foru Funtsaren likidazioa positiboa izan da azken zazpi urteotan lehen aldiz Finantza Kontseiluak ezagutzera emandako datuen arabera. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira, 4,1 milioi euro itzuliko dizkie herrialdeko udalei. Kopuru horretatik, 34.561,82 euro Usurbilgoari. Udal Foru Funtsaren 2014ko likidazioa, astearte honetako egingo duten diputatuen kontseiluak onartuko du.
Foru Fondoaren likidazioa: Usurbil
-2014ko aurrekontua: 3.455.360,91 euro.
-2014ko likidazioa: 3.489.922,73 euro.
-Likidazio saldoa: 34.561,82 euro.
2014ko Foru Fondoaren likidazioa, herriz herri
Saldo positiboa, legegintzaldi itxieran
Gipuzkoako Foru Aldunditik gogorarazi dutenez, 2007az geroztik, ez da likidazio positiborik egon. Jasotako dirua itzultzen aritu behar izan dute udalek urteotan. Baina geroz eta gutxiago, ahalik eta Aldundiari udalei dirua bueltan ematea egokitu zaion arte. Foru Funtsera itzuli beharreko diru kopurua murrizten lagundu du, legegintzaldi honetan zerga bilketan izan den %9,42ko igoerak. Udalak finantzatzeko funtsa berriz, %17,68 hazi da. Azken lau urteotan udal kontuak onbideratzeko saiakerak emaitza onak ekarri dituela nabarmendu dute Aldunditik. Pozik agertu dira, eta Udalei harro egoteko arrazoiak badituztela azaldu zaie. “Harro egon behar duzue ez duzuelako hurrengo legegintzaldirako inolako motxilarik uzten, egondako desoreka finantzarioei aurre egin diezue eta zalantzarik gabe oso egoera saneatuan uzten dituzue zuen udalak. Pozik egoteko arrazoiak ditugu”, esan die diputatu nagusiak Gipuzkoako alkateei.
Aipatu moduan, 2007az geroztik, lehen aldiz, Foru Funtsaren likidazio saldoa positiboa izan da. Azken urteok zailak izan dira udal eta Aldundiarentzat. Horren adierazgarri, Udalek Aldundiari itzuli behar izan dioten dirutza. 2011ko Foru Funtsaren aurrekontua, likidazioa baino 51 milioi euro handiagoa zen. 2011. urtean, 2011-2013 artean urteko 33 milioi euro itzuli beharra izan dute udalek. "Desfasea urtez urte murriztu da, harik eta aurten likidazioa aurrekontua baino 4,1 milioi handiagoa izan den arte", berri eman dute Aldunditik. Hortxe dago iazko datua; 2014an 418,9 milioi euro jaso zituzten udalek (2013an baino %8,88 gehiago).
Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia.