Zer hausnartua eman beharko liguketen datuak argitaratu dira. 1981-2011 urte artean, udalerri euskaldunek izan duten bilakaera soziolinguistikoa aztertu du, Soziolinguistika Klusterrak. Eta datuak eskutan, ondorio argi batera heldu dira; 30 urteotan, eremu erdaldunak euskalduntze bidean aurrera egin duten artean, udalerri euskaldunak erdaldundu zaizkigu. Eta nola gainera.
Bilakaera oso argia omen da; zenbat eta erdaldunagoa izan udalerria, orduan eta gehiago euskaldundu da hiru hamarkada hauetan. Aldiz, euskara sendoen zegoen udalerrietan eman da erdalduntze handiena. Datuek argi erakusten omen dute; azken urteotako joerak ikusita, “egungo errealitateak elebitasun orekatuarekin zerikusi handiagoa du”. Hala zioen hilabete hasieran, UEU-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Usurbilgo Udala kide duen UEMA-k eta Kontseiluak antolatu eta EHU-k babesturiko Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien bigarren edizioan, Soziolinguistika Klusterreko kide Iñaki Iurrebasok. Bere lan taldeak, udalerri euskaldunen inguruan eginiko azterketako emaitzak aurkeztu zituen aipatu saioetan. Honez gain, Gaindegiako beste kide batek, gaia ikuspuntu sozioekonomikotik aztertu zuen.
Ziotenez, “euskarak atzera egin du, udalerri euskaldunetan azken bi hamarkadetan”. Bereziki azken hamar urteetan. Eta arrazoi ezberdinengatik. Herriz herri aztertu dituzte datuak. Usurbil ez dago, Soziolinguistika Klusterrekoek aurkezturiko errealitate horretatik at.
Usurbilen ere, atzeraka
Soziolinguistika Klusterrak Usurbilen eginiko azken kale neurketaldiko emaitzek argi utzi zuten. Beste hainbat lekutan bezala, euskararen arnasguneetako bat dugun udalerri honetan ere geure ama hizkuntzaren ezagutza mailak gora egin zuela azken urteetan, baina ez hainbeste erabilerak. Euskara ezagutu eta menderatu arren, ez dela ezagutu bezainbeste ahotan hartzen. Erdalduntzerantz jo dutenen artean da udalerri hau ere. Hala diote Gaindegiak kaleraturiko datuek:
Udalerriko euskara gaitasuna: %78,15.
Euskararen erabilera sozialaren tasa: %36,48.
Euskara ziurtagiriak dauzkaten establezimenduen indizea: %25,08.
Euskal Herria aintzat hartzen duten alderdien babes maila: %86,56.
Euskaldun kopuruaren bilakaera: %10,8ko igoera.
Lehen hizkuntza euskara dutenen bilakaera:%5 gutxiago.
Etxean euskara erabiltzen dutenen bilakaera: %9,2 gutxiago.
Datu gehiago: uema.eus
“Arnasguneak beharrezkoak, euskararen etorkizuna bermatzeko”
Orain arte eman den erdalduntzeak, jada galtze arriskuan jarri ditu “muturreko gune euskaldunenak”. Eta ez omen da hemen amaituko. Azterketa soziolinguistiko honen aurkezpenean, aurreikuspenik ere egin zuten. Euskararen atzerakada bizitzen segiko omen dugu datozen urteotan ere, baina “abiadura apalduko dela dirudi”. Zalantzak argitzen laguntzeko, gai honi buruz gehiago aztertu beharra dagoela nabarmendu zuten Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan.
Udalerri euskaldunek izango duten bilakaera sozioekonomikoa ezagutu, erakunde zein eragileen arteko elkarlana sustatu eta politika eraginkorrak asmatu beharko direla zioten. Eta errealitatean nola eragin asmatzen bada, etorkizunean “udalerrion sendotzeaz hitz egiteko moduan” izango garela zioen, Soziolinguistika Klusterreko Iñaki Iurrebasok. Erdalduntzea gerarazteko mahai gainean jarri zuten aurrera begirako errezeta beraz; gaia gehiago aztertu, kontzientziatu eta eragin, Iurrebasoren esanetan, Usurbil bezalako “arnasguneak beharrezkoak izango dira eta euskararen etorkizuna bermatzeko”.
Balantzaren beste aldea...
Soziolinguistika Klusterrak aurkezturiko azterketak datu baikorrik ere badu. Azken 30 urteetan eremu erdaldunetan euskalduntzeko eginiko ahaleginak eragin nabarmena izan duela aipatzen zuten. Eta honenbestez, itxaropentsu begiratzen zioten etorkizunari. Irabazitakoa gehiago izan da, galdu dena baino. “Kuantitatiboki eremu gehiago dira euskaldunduak, erdaldunduak baino”, Soziolinguistika Klusterrekoen esanetan. Hamarkada hauetan, eremu erdaldunak euskalduntzen eginiko lanak emaitza onak ekarri dituela nabarmendu zuten. Orain, datuak eskutan, euskararen arnasguneak indartu behar.