Elkarretaratzea, bertso-afaria, tailer-hitzaldia Yolanda Arrietarekin, film proiekzioa, herriko emakumeak protagonista dituen dokumentalaren estreinaldia... Agenda bete ekitaldi Usurbilen, martxoaren 8an gogoratuko dugun Emakumeen Egunaren harira. Hasteko, 26. Lilatoia ospatuko da martxoaren 1ean Donostian. Hitzordu horretarako, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko Gattunk taldea osatzeko gonbita luzatu da asteotan. Deialdi honi atxikimendua adierazi diote eta Donostiako ekimenean parte hartzera animatzen dituzte emakumeak, Matrakak taldekoek. Orain arte, Usurbilgo Eragile Feminista izenez ezagutzen genuen bilguneak, urrats berri bat eman eta izen berria estreinatu du; Matrakak.
Udalarekin batera, egitarau zabala osatu dute martxorako. Lilatoian parte hartzeko gonbitaz gain, bada nabarmentzeko hitzordu bat. Hain zuzen, Udaleko Parekidetasun Sailak eginiko beka deialdi baten baitan, beka jaso zuten bi lagunek, herriko emakume baserritarrekin egin duten dokumentalaren proiekzioa. Emakumeen Egunean estreinatuko dute, martxoaren 8an, "Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak" izeneko lana.
Bertso-afarirako txartelak salgai
Beste proposamen bat; tailer-hitzaldia Yolanda Arrieta herritar idazlearekin. Eta aurreko urteetan harrera ezin hobea izan duen bertso-afaria, martxoaren 5ean Artzabalen. Oraingoan, Onintza Enbeita, Amaia Agirre eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin. Gai jartzaile, Ane Labaka. Adi, sarrerak aurrez erosi beharko dira eta. 15 eurotan, Artzabalen, Txiribogan eta Irratin eskuragarri.
Emakumeen Egunari begira Udalak eta Matrakak taldeak antolaturiko ekimenen agenda segidan:
Martxoak 1, igandea
11:00 26. Lilatoia, Donostiako Bulebarretik abiatuta. "Usurbilgo emakumeok batera egin dezagun lilatoia! Parte hartzera animatzen zaituztegu! Gattunk taldea ere bertan izango dugu!".
Martxoak 5, osteguna
20:30 Bertso afaria Artzabalen. Bertsolariak: Onintza Enbeita, Amaia Agirre eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Ane Labaka. Txartelak 15 eurotan salgai, Artzabalen, Txiribogan eta Irratin.
Martxoak 6, ostirala
19:00-20:30 Tailer-hitzaldia Sutegi udal liburutegian, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazlearekin. "Bizenta Mogel (1782-1854): XIX. mendeko andre argi baten ikurrak (edo nola sortu den "Argiaren alaba" nobela).
Martxoak 8, igandea
12:30 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan edo frontoian, eguraldiaren arabera.
18:00 "Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak", dokumentalaren proiekzioa. Egileak: Maitane Arnaiz eta Leire Urkidi, Udaleko Parekidetasun Sailak antolatutako ikerketa bekaren irabazleak.
Martxoak 22, igandea
18:00 Film proiekzioa Sutegin: Marjane Satrapiren "Persepolis".
Antolatzaileak: Matrakak eta Usurbilgo Udala.