"Guztion artean, gure etorkizuneko herriaren marrazkia osatzeko oinarria jarri dugu”

Noaua Aldizkaria 2015eko otsailaren 18a

Usurbilek etorkizuna marrazten segitzeko lanari helduko dio berriz. Laster, otsailaren 26tik aurrera. Orduan abiatuko baita, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeari lotuta, Udalak irailean martxan jarritako parte hartze prozesuaren bigarren fasea. Gogoan izan, lehenengo fasean, diagnosia aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko dozenatik gora bilera egin zirela, iraila-urria artean; bai auzoka eta baita gaika ere. “Herritarrak (haur, gazte, heldu eta adinekoak), taldeak eta eragileak, udal ordezkariak eta teknikariak, denok elkarrekin, gure herria aztertu dugu eta etorkizunerako ditugun asmoak, helburuak eta ilusioak ezagutzera eman ditugu. Guztion artean gure etorkizuneko herriaren marrazkia osatzeko oinarria jarri dugu”, adierazi du Mertxe Aizpurua alkateak.

Udazkeneko lan saioetan, 200 herritar baino gehiagok eginiko 500 proposamenak, baliagarriak izango dira Udalarentzat. "Parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak nolako herria nahi dugun zehazteko oso baliotsua izan da. Egindako proposamen asko Plan Orokorrean jaso badaitezke ere, beste batzuk, zuzenean datozen urteetako aurrekontuetan txertatu daitezkeela deritzogu. Eta azken hauek, ahal den neurrian planifikatu eta dagokion departamendura bideratuko ditugu, aintzat hartzeko”, iragarri du alkateak.

Prozesu hartatik "jasotako informazioarekin herriko diagnosia osatu dugu, eta orain diagnosi hori oinarri hartuta Hiria Antolatzeko Aurrerapen Dokumentua prestatzen ari gara, zehazki hiru proposamen prestatuko dira. Hiru proposamen horiek aurkeztuko ditugu, banan-banan, bilera irekian". Otsailaren 26an eta martxoaren 5ean. Hitzorduotan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak:

Otsailak 26, osteguna
19:00 Aurrerakin dokumentuen aurkezpena Sutegiko auditorioan.

Martxoak 5, osteguna
19:00 Aurrerakin dokumentuen eztabaida Potxoenean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Informazio gehiago: usurbilorainadageroa.com (bileretako aurkezpen txosten eta memoriak web gune berean ikusgai).