"Istripuen ekiditea eta lehen sorospenak haurtzaroan", DYAren ikastaro berria martxorako

Noaua Aldizkaria 2015eko otsailaren 18a


Martxoaren 2tik 6ra, astebeteko ikastaro berria programatu du DYAk, Usurbilen duen egoitza berrian; "Istripuen ekiditea eta lehen sorospenak haurtzaroan" izenekoa hain zuzen. Saioak, bost egunez, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 12:00etara, Munalurra 26an. Ikastarora bertaratzen direnek erorketa, erredura, intoxikazio eta antzeko arazoei aurre egiteko oinarrizko ezaguerak eskuratu ahal izango dituzte. Ezaguera hauek guztiak programa baten bitartez modu errazean eta entretenigarrian ikasiko dira, non teoria eta praktika txandakatuko diren. Matrikularen kostua, 60 eurotakoa da. Plazak mugatuak dira. Izen emateko deitu, 943 46 46 22 telefono zenbakira.

Ikastaroa, bizikletaren mekanikaz
Otsailaren 28an, larunbatez, arratsaldeko 16:00etan hasita Zubietako Kaxkape egoitzan. Saioa, Errazkin Bizikletak saltokiko arduradun Arkaitz Errazkin usurbildarrak bideratuko du. Sarrera doan. Ekitaldia, Zubietako herritar talde batek eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolatu dute.

Sagastien zainketa ikastaroa
"Sagarrondoen neguko eta udako inausketa ezagutzea, ongarritzea, izurrite eta gaixotasunen jarraipena egitea. Sagarraren heldutasun analisia eta bilketaren aurreikuspena". Gaiok landuko dituzte, Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak antolatu duen sagastien zainketa ikastaroan. Saioak otsailaren 28an hasi eta irailaren 12ra arte luzatuko dira. Larunbat goizetan izango dira beti, Potxoenean. Sagarlaneko kide Aitor Etxeandiak bideratuko du ikastaroa, euskaraz. Ezagutza maila guztiei zuzendua, teoria eta praktika uztartuko dira. Izen ematea zabalik dago. Apuntatzerakoan, ordaindu beharreko diru-kopuruaren zati bat, urriaren 4an Usurbilen ospatuko dugun #Kilometroak15 ekimena laguntzera bideratuko da:

Egutegia: otsailak 28, martxoak 7 eta 14, maiatzak 23, ekainak 13 eta irailak 12.

Ordutegia: 9:00-13:00.

Tokia: Potxoenea.

Prezioa: 90 euro (zati bat #Kilometroak15 ekimena laguntzeko).
Izen ematea:
Alkartasuna Kooperatiba: Atallu Industrialdea 26.

943 361 114
alkartasunausurbil.com
alkartasuna@usurbil.com