Afrikarako arropa eta oinetako bilketa kanpaina martxan du beste urte batez, S.O.S. Afrika, elkartasuna eta justizia sustatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Urtero moduan, Udarregi Ikastolak bat egin du ekimen honekin eta kanpainan parte hartzera animatzen dute. Ikastolako erdiko aretoa, Afrikarako arropa eta oinetakoak bidaltzeko bilketa gunea izango da, otsailaren 25era arte.
“Oporrak Bakean”
Apirilaren 10era arte, zabalik dago Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, "Oporrak Bakean" izeneko proiektuan izen emateko epea. Egitasmo honen bidez, errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren 7-12 urte arteko haur sahararrei, udan bi hilabetez, euren egoera gatazkatsutik eta desertuko tenperatura altuetatik urrundu eta "beste errealitate bat ezagutzeko aukera" eman nahi zaie.
"1976tik saharar herria zatiturik bizi da. Errefuxiatu kanpamentuetan bizitzera behartu zituztenak Argeliako Hamadan bizi dira, desertuko tokirik gogorrenean. Bertan euren seme-alabak jaio eta hazi ziren. Errefuxiatu egoerak eta lekuko zailtasunen ondorioz, bizirauteko beharrezkoak direnak kanpo laguntzaren bidez iristen dira. Oporrak Bakean proiektua, gerratearen irrazionalitatearen ondorioz baztertuak izan ziren saharar herriarekiko elkartasun keinua da”, nabarmendu dute ohar bidez, Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik.
Usurbilgo Udalak hiru urte daramatza elkartasun ekimen honekin bat egiten eta tarte horretan, 3 haur saharar izan dira herriko familietan harreran hartuta. Aurtengo edizioa martxan dute baita. Informazio gehiago eta izen ematea:
Gizarte Zerbitzuak
Nagusia 43
943 377 110
gizartelangilea3@usurbil.eus
Oharra: epea, apirilaren 10era arte.