Eskualdeko mus txapelketa Korrikaren alde, 22:00etan Lasarten

Noaua Aldizkaria 2015eko otsailaren 20a

19. Korrikaren aldeko Gipuzkoako III. Mus Txapelketa antolatu dute eskualdeka, 4 erregetara. Lasarte-Usurbil eskualde mailako kanporaketak, ostiral honetan, otsailaren 20an jokatuko dira, gaueko 22:00etatik aurrera Lasarteko Avenida tabernan. Taberna, Jalgi parean dago. Izen ematea aurrez, Lasarteko Muntteri eta Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegietan. Honatx euskaltegiko telefono zenbakia; 607 609 379. Edo txapelketa egunean bertan eman dezakezue izena, karta jokoa hasi baino apur bat lehenago, aipatu tabernara gerturatuta. Prezioa; 12 euro bikoteko. Txapeldun eta txapeldun ordeek, “Riojanos” erretegiak eskainitako bazkari edo afaria izango dute sari gisa. Eta Gipuzkoa mailako finalerako txartela noski.

Gipuzkoako finala, otsailaren 28an, 17:00etatik aurrera Astigarragako Zipotza elkartean. Bertan, eskualdeetako irabazleak lehiatuko dira. Sariak, finaleko bi bikoteentzako afaria eta txapel bana irabazleentzat.

Korrika Laguntzaile izateko gonbita
Korrika Laguntzailea kanpaina martxan jarri dute beste urte batez. 12 euroko ekarpena egiten baduzue, trukean, "laguntzaile zarela adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika Laguntzailea txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa" eskura dezakezue. Pina, txartela eta katalogoa, Etumeta AEK euskaltegian eskatu daitezke. Edo Internet bidez. Informazio gehiagorako: korrika.eus

"AEK-k 1980an lehenengo Korrika antolatu zuenetik, 18 Korrika eta 34 urte igaro badira ere, herria euskAHALduntzen jarraitzeko laguntza behar du, inoiz baino gehiago. Urteek aurrera egin badute ere, helduen alfabetatze eta euskalduntzerako dauden diru-laguntzak ez dira nahikoak. Iparraldeko eta Nafarroako ikasleen egoera larria da, eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru-laguntza politika oraindik ere ez da nahikoa", gogorarazi digute AEK-tik.

Korrikako materiala salgai
Gogoan izan, salgai dutela euskaltegian, 19. Korrikako materiala; jertseak, mahuka motz eta luzedun kamisetak, bufak, txanoak, motxilan bihurtzen diren poltsak... Tamaina eta kolore ezberdinetan. Bertaratu euskaltegira. Materiala probatu eta erosteko aukera duzue jada. 19. Korrika pasa arte salgai izango duzue.

Kilometroak eskuratzeko aukera
"Zure koadrilarekin, familiarekin, lankideekin... lekukoa eraman nahi baduzu, kilometroak lortzeko aukera daukazu! Eskuratu zure kilometroa AEKren edozein euskaltegitan", antolakuntzatik berri eman dutenez. Usurbilen kasuan, Etumeta AEK euskaltegian bideratu beharko dira eskaerak:

Informazio gehiagorako:
Nagusia, 43

607 609 379.
usurbil@aek.org
www.aek.org
muntteri.blogspot.com.es 

19. Korrika, sarean
Sare sozialetan gune bat martxan jarri dute. Facebook-en hain zuzen. "Korrika 19 Lasarte-Usurbil" orrialdean aurkituko duzue, euskararen aldeko lasterketa gure artera heldu aurretik antolatuko diren ekintzen informazioa. Aurreko urteetako argazkiak partekatzeko gunea ere izango da. "Interesa baduzue atsegin dut, besterik ez duzue klikatu behar", gonbidatu gaituzte.