Herri batzarra deitu du koalizioak, larunbat goiz honetarako, 11:00etan Potxoenean. Herri programaren metodologia eta edukiak puntuz-puntu aurkeztuko dituzte, baita zerrendak osatzeko metodologia ere. Mertxe Aizpuruaren agurra baita, eguneko gai zerrendan. 2011-15 legegintzaldi hau amaitzen denean, egungo alkateak Udala utziko baitu. Hala iragarri du Aizpuruak berak, hauteskundeei begira, Usurbilgo EHBilduk herritarrekin asteburuan abiatuko duen prozesuaren berri eman eta lau urteotako balantzea egiteko kaleraturiko aldizkarian.
"Lau urterako hartu nuen alkate izateko konpromisoa eta lau urte horiek bete ondoren, nire lanera, Gara egunkarira, itzultzeko asmoa dut. Kargurako hautagai izatea proposatu zitzaidanean egoera berezian ginen. Hainbat pertsona ezin ziren aurkeztu eta ezezkoa emateko eskubiderik ez nuela sentitu nuen. Baina beti izan dut buruan legegintzaldia ahalik eta era egokienean eraman behar nuela aurrera eta hor bukatzen zela. Zorionez, egoera aldatu da eta duela lau urte hauteskundeetan aurkezteko zeuden oztopoak desagertu dira", dio Mertxe Aizpuruak EHBilduk kaleraturiko aldizkarirako eskainitako elkarrizketan.
Aldizkariak, agortzear den legegintzaldiko balantzea jasotzen du. Balantzea eskuragarri jarri du Usurbilgo EHBilduk helbideotan:
http://usurbil.ehbildu.eus/2015/02/11/20112015-legegintzaldiko-balantzea/
http://www.noaua.eus/2015/02/11/20112015-legegintzaldiaren-balantzea/
Usurbilgo EHBilduk, azkenetan den legegintzaldi honen balantzea egitearekin batera, maiatzeko udal hauteskundeei begirako herri programa eta zerrendak osatzeko prozesua abiatuko du, larunbat honetan, otsailaren 21ean. Honatx iragarri dituzten bileren egutegia:
Otsailak 21, larunbata:
11:00 Herri batzarra Potxoenean: zerrendak osatzeko jasotako izen proposamenak aurkeztea, herri programa eta metodologiaren aurkezpena.
Martxoak 7, larunbata
10:00 Mintegia Udarregi Ikastolan: arloka lan taldeak osatuz, programan sakontzea da helburua, eta lehentasunak zehaztea.
Martxoak 21, larunbata
11:00 Herri batzarra Potxoenean: herri programa eta zerrendak erabakitzea.
Hitzorduotara agertu ezin dutenek, ekarpenak egiteko aukera izango dute martxoaren 15era arte, ehbildusurbil@gmail.com edo Usurbilgo 30. posta-kutxa helbidera idatzita.