Usurbilgo Udalak enkantera aterako ditu Santuenea auzoko bi etxebizitza. "Etxebizitza hauek Udalak jaso zituen 2012an, Babes Ofizialeko esleipendunak lehenagotik jabetzan zituztenak hain zuzen ere. Legeak aurreikusten du Babes Ofizialeko etxebizitzak lortzeko aukera izatea, nahiz eta aldez aurretik jabetzan etxebizitza bat izan. Horretarako, hainbat klausula bete behar dira eta horien artean Udalari ematen zaio aukera jabetza hori eskuratzeko, beti ere Babes Ofizialeko etxebizitzek markatzen duten prezio berdinean. Aukera hau onetsi zuen Udalak, Babes Ofizialeko esleipendunek modu librean saltzeko aukera izango baitzuten bestela. Horrela, eta espekulazioari bideak mozteko borondatearekin, Udalak erosi zituen prezioan orain salgai jarriko ditu eta enkantean ateratzea erabaki da. Legez, administrazio prozedurak ezartzen du Udal jabetzako salmentak enkantearen bidez egin beharra eta, hau horrela izanik, irteera prezioa hobetzen duten eskaintza onenei izendatuko zaizkio etxebizitzak", berri eman du ohar bidez, Usurbilgo Udalak.
Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik zenbatzen hasita, eskaintzak aurkezteko 20 eguneko epea egongo da. Interesdunek, bi etxebizitzok ikusteko aukera izango dute, martxoaren 10ean eta 12an. Horretarako hitzordua eskatu beharko da aurrez, udaletxeko 943 371 951 telefono zenbakira deituta.
A. etxebizitza
-Helbidea: Santuenea, 17-1º A.
-Azalera: 50,00 m2.
-Irteera prezioa: 90.248,90 euro.
-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.
B. etxebizitza
-Helbidea: Santuenea, 25-3º ezkerra.
-Azalera: 59,27 m2.
-Irteera prezioa: 106.323,45 euro.
-Ezaugarriak: Sukaldea, sala, 2 logela eta komuna.
Irudiak: Usurbilgo Udala.