2015erako erronka nagusia eta urteko ekintzen plana aurkezteko ekitaldia deitu du Usurbilgo Gure Esku Dago mugimenduak, ostiral honetarako, otsailak 27, iluntzeko 19:00etan Potxoenean. Hitzordua iragartzeko, hona hemen euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko Usurbilgo lan taldeak zabaldu berri duen mezua:
Kaixo lagun!
Mezu honen bidez otsailaren 27an arratsaldeko 19:00tan Potxoenean egingo dugun aurkezpenera gonbidatu nahi zaitugu. Bertan Gure Esku Dago ekimenak 2015. urterako duen erronka nagusia eta urtean zehar egingo ditugun ekintzak aurkeztuko ditugu.
Harro gaude Usurbildarrok erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintzetan orain arte erakutsitako grina eta gogoarekin. Oraingo honetan, beste behin ere, zure laguntza beharko dugu erronka aurrera atera eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidera jorratzen, ehuntzen, jarraitzeko.
Ostiralean elkar ikusiko dugulakoan,
Usurbilgo Gure Esku Dago
Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.