Alerta laranjan gauerditik aurrera, euriagatik

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 24a, 08:40

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian egongo gara astearte honetan. Eta gauerditik aurrera, asteazken osoan, alerta laranjan. Hala dio, Euskalmet-en iragarpenak. Euria barra-barra botako omen du. Hilabete ere ez da igaro, azkenekoz alerta laranjan egon ginenetik; lehenik, euriagatik urtarrileko azken asteburuan. Gogoan izan, Oria ibaia bere bidetik atera zen Zubietan edota Usurbildik Aginagarako bidean. Erriotik gertu ziren lursailak harrapatu zituen. Urpean geratu zen baita, Txikierditik Aliri zubia zeharkatu eta Zubietara doan errio ondoko herri bidea. Astebete beranduago, alerta laranja jarri zuten indarrean baita, elurragatik. Ez asko, baina elur geruza mehe batek Kaxkoa eta mendi inguruak zuritu zituen otsailaren 6an.

Aipatu moduan, astearte honetan abisu horian eta asteazkenean alerta laranjan egongo gara berriz:

Otsailak 24, asteartea
Egun osoan, abisu horia prezipitazio iraunkorragatik. "Baliteke kantauri isurialdean 24 ordutan 50-60 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada txiki-ertainak eta ugariak botako ditu, bereziki kantauri isurialdean eta ekialdean. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du".

Otsailak 25, asteazkena
Egun osoan, alerta laranjan prezipitazio iraunkorragatik. "Baliteke 24 ordutan Gipuzkoako zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki ekialdean. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; prezipitazioa oso ugaria izango da, eta zenbait lekutan iraunkorra, bereziki kantauri isurialdearen ekialdean. Goizaldean kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake".

Informazio eguneratua: euskalmet.net