Erroldatu berri direnentzako harrera bilera, martxoaren 3an

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 24a, 08:51


Usurbilgo Udalak deituriko hitzordua, martxoaren 3an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Bilkura, Udala jorratzen hasia den migrazioa eta aniztasunaren gaiaren baitan kokatu behar da. Aurrerantzean, sei hilabetero, aurreko urte erdian herrian erroldatu diren herritarrekin bildu nahi du Udalak, harrera bilera hauetan. “Aniztasuna era barneratzailean kudeatzeko bidean, harreraren garrantzia azpimarratu beharra dago, izan ere, elkarbizitzarako bidean eman beharreko lehen pausoa da, harrera ezin baita ulertu, elkarbizitzaren ikuspuntu orokorra kontutan hartu gabe”, Udaletik berri eman dutenez.

“Ekimen berri honen helburuak, elkar ezagutza sustatzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herrian elkarbizitza erraztea lirateke, besteak beste. Alkatearen agurra jaso ondoren, herriko baliabideen berri emango da, eta bizilagun berriek esperientziak trukatzeko aukera ere izango dute”, deitzaileen esanetan. 



"Kanpotik etorritakoei Udalak nolako harrera egiten die? Galdera horren aurrean hutsune bat identifikatu genuen”. Halaxe aitortu zigun uda aurretik, Jone Urdanpilletak, Zerbitzuak eta Gizarte-Ongizatea arloetaz arduratzen den udal zinegotziak. Erremedioa ipini zioten, “Ongi etorri gida” izeneko argitalpena argitaratuz. Eta martxoaren 3an abiatuko diren bilerak ere orduan iragarri zizkioten Udaletik, NOAUA!ri.

“Ongi etorri gida” argitaratu berri du Usurbilgo Udalak. Gida hau eskuratzen duenak, zer topatuko du bertan?
Jone Urdanpilleta. Herrira etorri berri direnei zuzenduta dago gida hau, eta herriko izaera baliabide eta ekipamenduen ezagutza eskura izatea da gida honen helburua. Behin eskuetan, eta gida zabaltzean, alkatearen agurra topatuko dute lehenbizi. Herriaren eta gure hizkuntzaren azalpen txiki bat ere jasotzen da. Gainontzean, zerbitzu desberdinen berri ematen da. Gidan batu den eduki guztia sailkatuta doa: errolda, osasuna, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta... Atal bakoitza bere azalpenarekin ageri da, kokapena eta harremanetarako informazioa barne: ordutegia, helbidea, telefonoa, web-gunea....

Lau hizkuntzatan dator idatzirik “Ongi etorri gida”.
Eduki nagusia euskaraz dago idatzia, baina beste hiru hizkuntzatara itzuli da. Euskarazko, erdarazko, frantsesezko eta ingelesezko azalpenak ageri dira. Gainera, berehala ulertzeko moduan dago diseinaturik gida.
Esan behar dut gida honen edukia zehazteko, talde desberdinek hartu dutela parte: udal langileak, herriko hainbat eragilek eta azken urteotan Usurbilera etorritakoak ere bai. Lerro hauetatik eskerrak luzatu nahi dizkiet parte hartu duten guztiei.

Herrira etortzen denari bidea erraztea izango da argitalpen honen asmoa ezta?
Eguneroko premiei aurre egiteko orduan, gida hau lagungarri izango dela uste dugu. Horretaz gain, gertutasuna adierazi nahi diogu herrira etorri denari, edozein dela bere jaioterria. Guregana iritsi berri, elkarbizitza eraikitzen hasteko unea da eta hor egon behar dugula iruditzen zaigu.

Azken urteetan jatorri ezberdineko jendea hurbildu da, eta horientzat bereziki oso lagungarri izango da gida hau.
Jatorri anitzeko herri bat gara. 43 herrialde desberdineko herritarrak ditugu gurean. Kanpotik etorritakoei Udalak nolako harrera egiten die? Galdera horren aurrean hutsune bat identifikatu genuen. Eta hutsune hori estaltzera dator gida hau. Herriaren nortasunaren berri eta gure baliabideen berri ematea beharrezkoa ikusten genuen eta horregatik eman dugu argitara harrera izaera duen gida hau. Esan bezala, harrera unetik hasita, elkarbizitza dugu helburu, elkar aitortzan oinarritutako elkarbizitza.

Gida honetaz gain, bestelako ekimenik antolatzeko asmorik al duzue?
Elkarbizitza helburu, hori da erronka. Bakoitzak bere nortasuna galdu gabe, elkarren aitortzarako bidean ezinbestekoa da elkar ezagutza eta horretan saiatuko gara. Horregatik hurrengo pausoa, etorri berriekin aldizkako bilkurak egitea izango da. Zuzenean, beraien beharrak ezagutu eta gure berri emateko. 

Udalera erroldatzera datorrenarentzat
Zer nolako zabalkuntza izango du? Non aurkitu daiteke?
Jone Urdanpilleta. Hasiera batean, espreski Udalera erroldatzera datorrenari zuzenduta dago gida hau. 
Hala eta guztiz ere, beste edozein herritarrek nahi izanez gero, udal errejistroan lortu dezake ale bat. Ongi etorri karpeta bat ere prestatu dugu, gida honekin batera beste gida edo dokumentu eramangarri batzuk ere batzeko.