Martxoaren 8ak eta euskaraz bizitzeko nahiak, udalbatza batu dute

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 24a, 20:11

Azkar eta adostasun giroan joan da astearte honetan egin den osoko bilkura. Erabat batu ditu udal ordezkariak, eguneko gai zerrendan iragarriak zeuden bi mozioek. Aho batez onartu da, Usurbilgo EHBilduk martxoaren 8ari begira aurkeztu duen adierazpen instituzionala. Parekidetasuna sustatzeko eta "emakume eta gizon askeen Euskal Herria" izateko lanean sakontzeko konpromisoa hartu du udalbatzak. Martxoaren 8aren bueltan, Udalak Matrakak taldekoekin batera antolatu dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. 

Udal ordezkarien erabateko babesa izan duen beste mozioa, euskarari loturikoa izan da. EHBilduk, Hamaikabatek eta EAJ-PNV udal taldeek batera aurkezturiko testuak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak udalen jardunean eta euskara sustatzeko neurrien aurka izandako esku hartzea salatzen du. Larritzat jo duten egoera honen aurrean, babesa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta euskara sustatzeko ahaleginean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Bide batez, Kontseiluak, larunbaterako, Donostian (Gipuzkoa plaza, 17:30) "Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara" lemapean antolatu duen manifestazioarekin ere bat egin du udalbatzak.

San Marko Mankomunitateko aurrekontuak, auzitegietara
Udalerri honen interesak defendatzeko, auzitegietara jotzea erabaki du Usurbilgo Udalak. San Marko Mankomunitateak 2015erako onarturiko aurrekontuak "Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea" erabaki du. Beste aukerarik ez zaielako geratu, ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak gaur arratsaldeko osoko bilkuran adierazi duenez.

Iazko egoera bera errepikatu baita. Joan den urtean bezala, aurten ere, Mankomunitate barruan, edukiontzien sistema indarrean duten udalerrietan hondakinen kudeaketak eragiten dituen gastuak udalerri guztien artean ordaintzea erabaki dute San Markon. Erabaki bidegabea, eta Udal honek hartuak dituen akordioen aurkakoa, Rivadeneyraren esanetan. Negoziatzen saiatu diren arren, Mankomunitateko gobernu taldeak, PP, PSE eta EAJ-ren babesarekin, jarrera itxia agertu duela azaldu du. Negoziatzeko borondate handirik ez beraz. Azkenean, auzitegietara jotzea beste aukerarik ez zaiela geratu adierazi du ingurumen zinegotziak. EHBilduren babesarekin, San Markoko aurrekontuei errekurtsoa tartekatzea erabaki du udalbatzak. 
 
Bozketa, puntuz puntu
-San Marko Mankomunitateko 2015eko aurrekontuaren behin betiko onarpenaren aurkako auzi-errekurtsoa aurkeztea. 
Bozketaren emaitza: EH Bildu alde, Hamaikabat aurka eta abstentzioa, EAJ-PNV.

-Usurbilgo EHBilduko udal taldeak aurkeztutako adierazpen instituzionala: 2015eko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.

-Usurbilgo EHBildu, Hamaikabat eta EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa: euskara.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.