Lehiatzeko, errepidean nahiz mendian, lanera edo ikastera joateko garraiobide gisa, asko dira, geroz eta gehiago, bizikleta baliatzen dutenak. Baina sarritan, bizikletaren erabileraz haratago ez dugu ezer gehiagorik jakiten. Ezer gutxi dakigu, bizikleta nola zaindu, nola ibil gaitezkeen eroso, eta batez ere, nola saihestu ditzakegun lesioak. Honi guztiari buruz jardungo du, Arkaitz Errazkin, Errazkin bizikletak saltokiko arduradunak larunbat honetarako, Zubietan antolatu den ikastaroan. Herritar orori zuzendua egongo den saioan, oinarrizko ikasgaiak hartuko ditu ahotan; “Segurtasun gaiak, eta bizikleta ezagutzeko” azalpenak emango ditu. Zalantzak argitzeko tartea ere izango da noski. “Jendeak galdetzen duen eran, hor zentratuko gara”, adierazi dio NOAUA!ri Errazkinek.
Bizikletak matxuraren bat izanez gero norberak konpon dezakeen edo hobe den profesional batengana eramatea, gurpilak nola lotu eta askatu, gurpiletan zer nolako presioa sartu behar den, bizikleta nola tratatu... Segurtasunaz eta biomekanikaz ariko da. “Minik hartu ez edo lesioak saihesteko zer altueratan jarri behar den aulkia, lehiatzen aritu edo bizikletan asko ibiltzen denarentzat bizkarreko mina eragozteko nola jarri behar duen. Bizikleta garraiobide gisa baliatzen duenarentzat garrantzitsua da erosotasuna, balazten segurtasuna... Gurpilak zulatzean, zuloa barrutik nola begiratu behar den, gurpilak ondo jartzen eta ateratzen, gurpilak nola puztu eta konpondu...”.
Azalpen guztiak larunbatean Zubietan. Errazkinek ikastaroan parte hartzera deitzen du. “Jendea bizikletan geroz eta gehiago dabil. Oinarrizko ikasgai batzuk jakitea beharrezkoa da. Gehienbat, egunero ibiltzen den jendearentzat, edo kilometro asko egiten dituztenentzat”, adierazi du.
Bizikletaren mekanikaz
Eguna: otsailak 28, larunbata.
Bideratzailea: Arkaitz Errazkin, Errazkin bizikletak saltokiko arduraduna.
Ordua: 16:00.
Tokia: Zubietako Kaxkape.
Antolatzaileak: Zubietako herritar talde bat eta NOAUA!.