Ostegun eguerdira arte luzatu dute alerta laranja, euriteengatik

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 25a, 17:00

Hasieran, asteazken gauerdi honetara arte zegoen iragarria alerta laranja euriteengatik. Azkenean, ostegun eguerdira arte luzatu dute alerta egoera. "Baliteke 24 ordutan Gipuzkoako zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki ekialdean. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; prezipitazioa oso ugaria izango da, eta zenbait lekutan iraunkorra", hala dio Euskalmet-en iragarpenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Larrialdi Plana indarrean du. Uholdeei aurre egiteko plana, alerta mailan jarri du baita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Gipuzkoa da, asteazken honetan, euriteei begira kezka gehien sortzen duen lurraldea. Euria etengabe eta oso ugari egingo omen du asteazken honetan, eta inguruotan pilatutako prezipitazioa "oso handia" izango dela dio Euskalmet-en iragarpenak. Euriarekin batera, haizea. Abisu horian egongo gara iluntzeko 21:00ak arte, "Ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute haizeguneetan, bereziki kostaldean". Adi beraz, errepide, erreka eta errio bazterretan.

Informazio eguneratua: euskalmet.net

Duela hilabeteko egoera berean
Prezipitazio iraunkorragatik asteazken gauerdira arte aurreikusia zuten alerta laranja ostegun eguerdira arte luzatu dute. Ostegunean euripean jarraitu arren, egoerak hobera egingo omen du. "Ostegun arratsaldean beste fronte hotz bat iritsiko zaigu. Euri kontuekin jarraituko dugu, nahiz eta asteazkenean baino euri gutxiago egin. Euria, bereziki goizaldean eta arratsaldetik aurrera egingo du, baliteke goizean eta eguerdi partean zenbait lekutan euriak atsedenaldi bat eskaintzea. Ipar-mendebaldeko haizeak indarra galduko du, baina, hala ere, bizi-bizi ibiliko da. Tenperatura apur bat igo egingo da.", Euskalmet-etik iragarri dutenez.

Hilabete ere ez da igaro, azkenekoz alerta laranjan egon ginenetik; lehenik, euriagatik urtarrileko azken asteburuan. Gogoan izan, Oria ibaia bere bidetik atera zen Zubietan edota Usurbildik Aginagarako bidean. Erriotik gertu ziren lursailak harrapatu zituen. Urpean geratu zen baita, Txikierditik Aliri zubia zeharkatu eta Zubietara doan errio ondoko herri bidea. Astebete beranduago, alerta laranja jarri zuten indarrean berriz, elurragatik. Ez asko, baina elur geruza mehe batek Kaxkoa eta mendi inguruak zuritu zituen otsailaren 6an.