Aho batez onartu da, Usurbilgo EHBildutik martxoaren 8ari begira atzo egindako osoko bilkuran aurkeztu zuten adierazpen instituzionala. Datorren Emakumeen Egunean, zer ospatu eta zer aldarrikatua badela dio testuak. Zer ospatua, "Mugimendu feministarekin batera euskal jendartearen gehiengo batek egindako borrokari esker abortuaren erreforma" gelditzea lortu delako. Baina zer aldarrikatu eta salatua bada oraindik, udal taldeek atzo erabat babestu zuten mozioaren arabera. Lehen mailako arazoa izan eta Euskal Herrian iaz bost emakume hil zituen indarkeria matxista batetik. Bestalde, "krisialdiaren aitzakian, botere ekonomiko eta politikoak hartzen ari diren erabakiek pertsonen bizitzetan eta bereziki emakumeengan dauzkaten ondorio lazgarriak" salatzen ditu mozioak.
Testuinguru honetan, parekidetasuna sustatu eta "emakume eta gizon askeen Euskal Herria" izateko lanean sakontzeko konpromisoa hartu du udalbatzak. Hiru lan ildo nabarmentzen dituzte:
1.Gure herrian biolentziarik gabeko bizitza bizitzeko eremua izateko bitartekoak jarriz.
2.Emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana bultzatuz.
3.Gure herriko emakumeak bizitzea merezi duten bizitza duinak izateko politikak garatuz.
Martxoaren 8aren bueltan, Udalak Matrakak Taldekoekin batera antolatu dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu dute.