Kontseiluak larunbaterako Donostian deituriko manifestazioarekin bat egin du Usurbilgo udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 25a, 13:32


"Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, euskaldunoi ezartzen zaizkigun oztopoak salatu eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko, otsailaren 28an, 17:30etan, Donostiako Gipuzkoa Plazatik abiatuta egingo den manifestazioarekin bat egin nahi du Usurbilgo Udalak. Herritarrei dei egin nahi diegu mobilizazioan parte hartzeko", Usurbilgo EHBildu, Hamaikabat eta EAJ-PNVren gonbita usurbildarrei. 

Hiru udal taldeek deialdi hau jasotzen zuen mozioa aurkeztu zuten, atzo egin zen otsaileko osoko ohiko bilkuran. Aho batez onarturiko testuak, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok udalen jardunean eta euskara sustatzeko neurrien aurka izandako esku hartzea salatzen du. Kontratazioetako, diru-laguntzetarako edota udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak edota aktak euskaraz bidaltzea susmopean jarri dituela dio mozioak. UEMA-n sartzeko bi udalek hartutako erabakiaren aurka ere egin duela aipatu ordezkariak. Mozioaren arabera, "euskararen ofizialtasuna bera ari dira zalantzan jartzen".

Larritzat jo duten egoera honen aurrean, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren figura eta lana bertan behera uztea eskatu du udalbatzak. Eta babesa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Euskara sustatzeko ahaleginean eta eragile zein erakundeekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berresten du Usurbilgo Udalak. "Euskararen arnasguneak indartzeko, politika eraginkorrak abian jartzen saiatuko gara; hizkuntza politika euskara sailetik harago eraman, eta euskararen arnasguneak duten garrantzia aintzat hartuta, politika orokorraren erdigunean kokatzen saiatuz", iragartzen du mozioak.