San Marko Mankomunitateak 2015erako onarturiko aurrekontuak "Administrazioarekiko Auzialdiko auzibidean errekurritzea" erabaki du Usurbilgo Udalak. Erabakia atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran hartu zuen udalbatzak, gehiengo osoz, EHBilduren babesarekin. Hamaikabatek aurka bozkatu zuen eta EAJ-PNV abstenitu zen. Ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak bozkatu aurretik osoko bilkuran adierazi zuenez, beste aukerarik ez zaielako geratu erabaki dute auzitegietara jotzea.
Iazko egoera bera errepikatu baita. Joan den urtean bezala, aurten ere, San Marko barruan, edukiontzien sistema indarrean duten udalerrietan hondakinen kudeaketak eragiten dituen gastuak udalerri guztien artean ordaintzea erabaki du Mankomunitateak. Honenbestez, Usurbilek, atez ateko bilketak eragindako gastuez gain, jasotzen ez duen zerbitzu batengatik ordaindu beharko luke aurten ere.
Erabaki bidegabea, Udal honek hartuak dituen akordioen aurkakoa, eta herritarrentzat ekonomikoki kaltegarria, Rivadeneyraren esanetan. Negoziatzen saiatu diren arren, Mankomunitateko gobernu taldeak, PP, PSE eta EAJ-ren babesarekin, jarrera itxia agertu duela azaldu zuen. Negoziatzeko borondate handirik ez beraz. Azkenean, auzitegietara jotzea beste aukerarik ez zaiela geratu adierazi zuen ingurumen zinegotziak. EHBilduren babesarekin, San Markoko aurrekontuei errekurtsoa tartekatzea erabaki du udalbatzak. Atzoko osoko bilkuran, Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu ziren.
Iaztik dator auzia
Iaz ere antzeko egoeran aurkitu zen Udala. Horren harira, San Marko Mankomunitateko kide diren Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo alkateek idatzi bat sinatu eta argitara eman zuten. Besteak beste, San Markoko lehendakari Denis Itxasok atez ateko bilketa indarrean duten udalerriak ekonomikoki zigortu nahi dituela salatzen zuten:
Iruzur gehiagorik ez San Marko mankomunitatean
Astigarraga, Hernani, Lezo Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok hondakinak Atez Ateko biltzeko erabakia hartu genuenetik, gure herrien birziklatze tasak %30etik %80ra igo ziren oso denbora gutxian. Baina tamalez, erabaki hau ez zuen babestu San Markoko mankomunitatea modu ez-naturalean gobernatzen duen Denis Itxaso PSEko kideak eta lehen unetik Atez Ateko Bilketaren kontra jarri zen.
Sei udalerri hauek subiranoki hartutako erabakiaren kontra egin ezinik, hauek ekonomikoki zigortzea erabaki zuen. Nola ordea? Gure herrietako atez ateko bilketaren gastu guztiak gure gain hartzera behartuz eta, hori nahikoa ez balitz, gainerako udalerrien (Donostia, Errenteria, Lasarte eta Urnieta) edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainaraziz.
Jokabide honen aurrean Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok San Marko mankomunitateko aurrekontuei helegitea jarri genien, gure herriek ordaindu beharreko kopuruak ez zetozelako bat jasotzen genituen zerbitzuekin. Eta helegitea jartzearekin batera, mankomunitateak luzatzen zizkigun hainbat faktura geldiaraztea erabaki genuen, sei udalerriok mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenak bete zitezen aldarrikatzeko.
Egunotan Denis Itxasok, berriz, gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du, zorraren zenbatekoa puztuz eta arazo honen aurrekari eta testuingurua isilduz; izan ere, beti egon gara gure partea ordaintzeko prest, baina soilik jasotzen ditugun zerbitzuei aurre eginez, San Marko Mankomunitateko batzarrak onartu zituen hitzarmenetan jasotzen den bezala.
Mankomunitatearen fakturak hitzarmen hauen arabera egokitzeko eskaera egin diogu Denis Itxasori behin eta berriz, baina bere ezezkoarekin egiten dugu topo beti. Izan ere, Mankomunitatea bere kortijoa bailitzan gobernatzen baitu, erabakiak dekretuz inposatuz eta modu artifizialean mantenduz herrien arteko desorekak. Atez Ateko Bilketaren aurka ahal zuen guztia egingo zuela esan zuen eta formula aurkitu duela uste du: atez atekoa egiten dugun herriak ekonomikoki zigortzen gaitu, gainerako herrien edukiontzien bidezko bilketaren gastuak ordainaraziz; sistema horrekin ezinezkoa denean %50eko birziklatze mailatik igarotzea.
San Marko Mankomunitateko lehendakaritzan Denis Itxaso PSE-ko kidea jarri zutenean, PNV-k eta PP-k babestuta, argi geratu zen zein izango zen bere jokabidea. Orain diputaziorako bere hautagaitza aurkeztean, garbi ikusten dugu politika atzerakoien morroi bihurtuko dela berriz ere, bere helburu politikoak lehenesteko.
Horregatik, Denis Itxasori eskatzen diogu alderdikeriak alde batera uzteko eta, behingoz, mankomunitate barruan dituen arazoak konpontzeko.
Gure herritarrei adierazi nahi diegu, aldiz, dagokiguna ordaintzeko erabateko prestutasuna daukagula, baina ez gaudela prest jasotzen ez dugun zerbitzu batengatik ordaintzen jarraitzeko.
Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo alkateak.