Euriteek, Oria bere bidetik atera dute ohiko puntuetan

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 25a, 17:31

Duela hilabete izan genituen euriteekin gertatu bezala, itxura oso antzekoa dute Zubieta, Usurbil eta Aginaga inguruek asteazken arratsalde honetan. Azken orduotako euri jasek, Oria bere bidetik aterarazi dute ohiko puntuetan. Aginaga-Usurbil artean, errio ertzetik gertuen dauden baratzak harrapatu ditu. Santuenean askorik ez zitzaion falta arrasaldeko 16:30ak aldera, errioa lur sailetara sartzeko.

Euriteen eragin nabarmenena halere, Zubietan. Txikierditik Zubietara doan bidea itxita dago. Aliri zubitik Zubietarako tartean, bide zati bat urpean da errioak gainezka egin ostean. Egoerak onera egiteko itxura handirik ez du momentuz. Ez du atertzen eta gogoan izan, alerta laranjan jarraituko dugu euriteengatik, ostegun eguerdira arte. Zubietan atera berri ditugun irudi batzuk segidan: