NOAUA!ko bazkideok, 19. Korrikako lekukoa zuen esku

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 26a, 09:15

Martxoaren 22an, igandez inguruotara helduko den 19. Korrikan, NOAUA! Kultur Elkarteak hartuko du lekukoa, Zubieta, Usurbil eta Aginagatik barrena osatuko duen ibilbide zati batean. Oraingoan, NOAUA!k bazkideoi eskaini nahi dizue, lekukoa eramateko ohorea. Lekukoa eramateko bazkide talde bat osatu nahi genuke. Animatzen? NOAUA!ko bazkide izan eta lekukoa zure eskutan izan nahi baduzu, deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo idatzi elkartea@noaua.eus helbidera.

Kilometroak eskuratzeko aukera
"Zure koadrilarekin, familiarekin, lankideekin... lekukoa eraman nahi baduzu, kilometroak lortzeko aukera daukazu! Eskuratu zure kilometroa AEKren edozein euskaltegitan", antolakuntzatik berri eman dutenez. Usurbilen kasuan, Etumeta AEK euskaltegian bideratu beharko dira eskaerak.

Korrika Laguntzaile izateko gonbita
Korrika Laguntzailea kanpaina martxan jarri dute beste urte batez. 12 euroko ekarpena egiten baduzue, trukean, "laguntzaile zarela adierazten duen pina, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika Laguntzailea txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa" eskura dezakezue. Pina, txartela eta katalogoa, Etumeta AEK euskaltegian eskatu daitezke. Edo Internet bidez. Korrikako materiala ere salgai dute euskaltegian.

Informazio gehiagorako: 
Nagusia, 43


607 609 379
korrika.eus