Azken orduotako euriteek eragindako zenbait arazo konponduta orduotan. Goizean, Usurbil eta Txikierdi artean izandako lubizi batek, N-634 errepidea itxi du. Auto ilara luzeak sortu dira. Lasarte edo Donostia aldetik Usurbil aldera zetozen ibilgailuek, nahiko traba izan dute udalerri honetara heltzeko. N-634 itxi duten lekutik gertu, Txikierditik Zubieta alderako bidea ere autoen joan etorrirako etenda baitzegoen Arsuagaenea parke paretik, atzo Oriak gainezka egin ostetik.
Bi bideok 10:00ak pasata zabaldu dituzte. N-634 errepidea partzialki; semaforo bidez igaro zitezkeen ibilgailuak. Atzo bazkalostetik itxita zegoen Txikierditik Zubieta alderako bidea osorik irekita dago. Oriak gainezka egin ostean, Aliri zubitik Zubieta alderako bidea zati bat urpean geratu zen atzo. Eta esandakoa, bidea itxi behar izan zuten. Trafikoa etenda egon da inguru horretan, ostegun goiz honetara arte.
Arazoak errepideetan eta kezka Oria ertzean. Ohiko puntuetan bere bidetik irten zen atzo errioa. Zubietan, Aliri zubi inguruetan, eta handik aurrera, ibai ertzetik gertuen zeuden lursailak ere urpean geratu ziren. Ostegun goiz honetan, egoera zertxobait hobea zen. Errioa beherago zetorren. Udaltzaingotik aipatu digutenez, gutxigatik ez da heldu Oria, duela hilabeteko euriteetan izan zuen altuerara. Orduko hartan 4 metroko ur emaria izatera heldu zen errioa. Oraingoan antza, ez omen da heldu maila horretaraino. Halere adi jarraitu beharko da, alerta laranjan jarraituko omen dugu eta, ostiral eguerdira arte.
Oriak azken orduotan gainezka egin duen arren, ez du kalte material handirik eragin. Errio ertzetik gertuen zegoen lur eremua harrapatu du soilik, Zubietan hasi eta Aginagara arte. Azken orduotako euriteen irudi bilduma, Argazkitegian,