Hiria Antolatzeko Plan Orokorra diseinatzeko garaian, parte-hartze prozesua abiarazi zuen Udalak. Usurbil, oraina da geroa izenburupean garatu da prozesuko lehen fasea. Usurbilgo herritarrek euren ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izan dute eta "hauek aintzat hartuta eta udaleko ordezkari eta teknikariekin elkarlanean, herriaren garapenerako oinarriak jarri dira".
Bigarren fase honetan, lehen fasean sortutako diagnosia oinarri izanda, Hiria Antolatzeko Aurrerapen Dokumentua prestatu du Udalak. Hiru aukera ditu dokumentuak eta banan-banan aurkeztu dira gaur, Sutegin egin den bileran. 50 bat lagun batu dira eta adi-adi jarraitu dituzte Mertxe Aizpurua alkatearen zein prozesuan lanean aritu direnen azalpenak.
Martxoaren 5ean, eztabaida saioa
Gaurko aurkezpenak segida izango du martxoaren 5ean. "Aurrerakin dokumentua, eztabaida saioa" izeneko deialdia egin baita egun horretarako. Potxoenean izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Plan Orokorraz eta parte-hartze prozesuaz informazio gehiago: usurbilorainadageroa.com orrialdean.