Tapia eta Leturia Taldea behin ez, bitan Sutegin larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 27a, 10:10

Azkenean bat ez, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko bi emanaldi esklusibo eskainiko ditu Tapia eta Leturia Taldeak Sutegin, larunbat honetan. Lehenengo saiorako sarrerak azkar asko saldu eta deialdiak izan duen begi bistako arrakasta ikusita, "bigarren emanaldi bat egitea erabaki dugu", adierazi dute antolatzaileek. Egun berean, hau da, larunbatean, 19:00etako saioaren ostean, gaueko 22:00etatik aurrera Sutegin. Bigarren emanaldi honetarako sarrerak salgai daude Gattunk dendan, Txirristra tabernan eta Udarregi Ikastolako idazkaritzan. Prezioa; 15 euro. "Ez galdu aukera berri hau!", Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileen gonbita herritarrei.

Tapia eta Leturia Taldearen emanaldi bikoitza
Eguna: otsailak 28, larunbata.
Emanaldi orduak: 19:00/22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Antolatzailea: Ikastolen Elkartea eta Udarregi Ikastola.

Banderolak salgai

Gattunk banderolak izen bereko dendan eskura ditzakezue, 5 eurotan. Gogoan izan, arropa, zapia edo txapekin munduko txoko ezberdinetan atera ditzakezuen argazkiak jaso nahi dituzte #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileek. Irudirik baldin baduzu beraz, bidali kmk15_komunikazioa@udarregi.com helbidera. Edo igo bestela Twitter-era, #GATTUNK traola erabilita. 

Tonbolarako materiala uzteko deia

#Kilometroak15, Udarregi Ikastolako eraikin berria diruz laguntzeko baliatu nahi da. Horretan, diru iturriak lortzeko lanean dabil batzordeetako bat. Beste ekimenen artean, tonbola antolatu asmo dute Sagardo Egunean, Santixabeletan eta Kilometroak egunez. Tonbolarako materiala biltzen ari dira. Zuek ere parte har dezakezue. Tonbolarako ekarpenik egin nahi duenak idatzi dezala usurbil@udarregi.com helbidera edo deitu, 943 36 12 16 telefono zenbakira.

Irteeretarako laguntza behar dute 

#Kilometroak15 ekimenaren aldeko Gure Zozketa ekimeneko errifak eta materiala herriz herri saltzeko laguntza behar da. Errifak nahiz Kilometroetako materiala saltzen lagundu nahi duenak, Udarregi Ikastolako idazkaritzara gerturatu edo deitu 943 36 12 16 telefono zenbakira.