Lilatoian ere #Gattunk

Noaua Aldizkaria 2015ko ots. 27a, 12:54

Kilometroak15 ekimeneko oihartzuna Donostiako 26. Lilatoira helduko da igande honetan, martxoaren 1ean. Goizeko 11:00etan Bulebarretik abiatuko den emakumeen lasterketa herrikoiaren abiapuntua, Gattunk gunea ere izango da. Bulebarreko musika kioskoaren ondoan, urriaren 4an Usurbilen ospatuko den jaialdiaren aldeko materiala eskuratzeko aukera izango da; arropa, edota 60.000 euroko saria jokoan jarri duen “Gure Zozketa” ekimeneko errifak. Bertaratzen denak, usurbildarrekin topo egingo du. Ez bakarrik, #Kilometroak15 ekimeneko materiala saltzeaz arduratuko den taldearekin. Postuan bertan, goizeko 10:00etarako hitzartu baitituzte, 26. Lilatoian parte hartuko duten Gattunk taldeko kideak ere.

40 emakume inguruk bat egin dute, #Kilometroak15 ekimenetik eginiko deialdiarekin Lilatoian ere Gattunk taldea osatzeko gonbita luzatu zuten hilabete hasieran. “Elkarte askok parte hartzen dute Lilatoian. Duela urte batzuk Pasaia-Lezo ikastolatik Kilometroak taldea atera eta talde handienaren saria eman zioten. Guk zergatik ez? esan genuen eta taldea osatzera animatu gara. Gainera Kilometroak ekimeneko helburu zehatzetako bat, parekidetasuna lantzea da. Lilatoia horretarako aitzakia ona zen”, adierazi diote NOAUA!ri, Gattunk Lilatoia taldea osatzeaz arduratu direnek.

Asteotan, martxoaren 1eko lasterketan parte hartzeko auzo eta adin tarte ezberdinetako 40 bat emakumek eman dute izena. Apuntatu direnei, igandean goizeko 10:00etan banatuko zaizkie lasterketarako Gattunk kamisetak, Bulebarrean #Kilometroak15-en alde egongo den postuan. Eta bertan, kamisetak jasotzeaz gain, taldeko argazkia aterako dute. Beroketa ariketak egin ostean, gero lasterketara denak. Herritarrak Lilatoiko partaideak animatzera joatera deitzen dituzte.

 

Martxoak 1, igandea

Goizean zehar, Gattunk postua Bulebarreko musika kiosko ondoan.

10:00 Kamiseten banaketa eta talde argazkia Gattunk postuan.

10:30 Beroketa saioa monitorearekin Bulebarrean.

11:00 26. Lilatoiaren hasiera Bulebarretik.

Ibilbidea: 5 km (Donostia erdigunetik eta Grosetik igaroko da).

Helmuga: Donostiako Bulebarra.

Ondoren, sari banaketa Alderdi Ederren.

 

Matrakak Taldea ere, Gattunk Lilatoiarekin bat

Lilatoiko deialdiarekin bat egin dutenen artean dira, Matrakak Taldekoak ere (Usurbilgo Eragile Feministako kideak). “Usurbilgo emakumeok batera egin dezagun lilatoia! Parte hartzera animatzen zaituztegu! Ga–ttunk taldea ere bertan izango dugu!”, adierazi dute.