Ongi etorria eman nahi izan die Usurbilgo Udalak, azken hilabete hauetan udalerri honetan erroldatu diren herritarrei. Estreinakoz, eta harrera bilera baten bueltan. Atzo iluntzean izan zen, Potxoenean. Udal ordezkariak eta erroldatu berri diren zenbait herritar bildu zituen ekitaldiak. Udalaren partetik, zoriontasuna eta etorkizun oparoa izateko desioa helarazi zitzaien usurbildar berriei. Udalerria aurkeztu zitzaien, iaz Udalak kaleraturiko Ongi etorri baliabideen gidan jasoak dauden zerbitzuak baita. Eta garrantzitsuena, elkar ezagutu eta harremanak estutzen hasteko aukera izan zuten ekitaldira gerturaturikoek.
Astelehen honetako bilera, bilkura erronda baten hasiera baino ez da. Aurrerantzean, sei hilean behin, Usurbilen erroldatu berri diren herritarrei harrera egin asmo die Udalak. “Ekimen berri honen helburuak, elkar ezagutza sustatzea, harreman berriak sortzeko aukerak zabaltzea eta herrian elkarbizitza erraztea lirateke, besteak beste. Alkatearen agurra jaso ondoren, herriko baliabideen berri emango da, eta bizilagun berriek esperientziak trukatzeko aukera ere izango dute”, Udaletik azpimarratu dutenez.
Harrera bilera hauek, Udala jorratzen hasia den migrazioa eta aniztasunaren gaiaren baitan kokatu behar dira: “Aniztasuna era barneratzailean kudeatzeko bidean, harreraren garrantzia azpimarratu beharra dago, izan ere, elkarbizitzarako bidean eman beharreko lehen pausoa da, harrera ezin baita ulertu, elkarbizitzaren ikuspuntu orokorra kontutan hartu gabe”.