Usurbil, Hernani eta Astigarraga, sagardoaren kultura sustatzeko elkarlanean ariko dira aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 3a, 15:59

Sagardoaren Lurraldea markapean sartzea, Sagardo Bideak sortzea, Sagardoetxea Museoan parte hartzea eta ekitaldi berriak sortzea. Lau puntu hauen inguruan elkarlanean jardungo dute aurrerantzean, Hernanik, Usurbilek eta Astigarragak. Astearte goiz honetan sinatu dute 3 udalerriotako alkateek, tartean Mertxe Aizpuruak, sagardoaren kultura sustatzea helburu nagusi izango duen hiru urtetarako elkarlanerako hitzarmena. Hernaniko Udaleko udalbatza aretoan izan da.

Eskaintza zabaltzeko bideak
4 urteko prozesuaren ostean dator, astearte honetako hitzarmen sinaketa. Aipatu moduan, Sagardoaren Lurraldean integratu, sustatu eta komertzializatuko da aurrerantzean, Astigarragarekin batera, Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturako eskaintza turistikoa. Udal bakoitzak Sagardoaren Lurraldeatik kudeaturiko erreserben zentrala izango du, bere esperientzia eta sagardotegietarako erreserbak online sustatzeko. Honez gain, bide ezberdinotatik jaso ahalko dugu eskaintza guztiaren berri:
sagardoarenlurraldea.com
twitter.com/sagarlur
facebook.com/Sagardoarenlurraldea
Newsletterrak bidaliko dituzte.
Promozio kanpainak.
Kazetarien harrera.

Sagardo Bideak sortzea
Astigarragako eta Santiagomendiko baserrien historia, bertakoen bizimodua, Santiago Bidea, eta sagardoaren kultura erakusten ditu Astigarragako "Santiagomendiko Sagardo Bidea"k. Bide hau erreferentzia gisa hartuta, Hernanin eta Usurbilen ere Sagardo Bideen sorrera sustatuko da. Eta hauek gauzatzean, hiru udalerrien arteko bideak lotu nahi dira.

Sagardoetxea Museoan parte hartzea
Astigarragan kokatua dagoen Sagardoetxea Museoan bere txoko propioa izango dute aurrerantzean, Usurbilek eta Hernanik. Etorkizunean, Sagardoetxera gerturatzen denak, hiru udalerriotako sagardoaren kulturari loturiko azalpenak jasoko ditu bisitariak. Gainera, sagarra eta sagardoan berezituriko Sagardoetxeako Dokumentazio Zentroan jasota geratuko da, Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturarekin erlazionaturiko dokumentazioa. Eta dokumentazio hau guztia kontsultatzeko zerbitzua eskainiko da. Dokumentazio hau erabiltzeko eskuragarri izango dute hiru udalek.

Ekitaldi berriak sortzea
Horien artean, "Sagardoaren Lurraldea ezagutuz" ibilaldia. Hiru udalerriak lotuko ditu eta urtero, apirileko azken igandean ospatuko da. Aurten, Astigarragan hasi eta Hernanitik igaro ostean, Usurbila helduko da, eta Usurbilen, iragarri dutenez, Sagardoetxeak prestatutako "Sagardogintza gure baserrietan" erakusketa irekiko da. 

Hitzarmen sinatzearen inguruan Usurbil, Hernani eta Astigarragako alkateek astearte goiz honetan egin dituzten adierazpenak, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.