Gure Esku Dago, ekainaren 20ko hitzorduari begira

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 4a, 14:00

Euskaldunon erabakitze eskubidearen alde indarrak metatzen jarraitu nahi du 2015ean, Gure Esku Dago mugimenduak. Euskaldunon erabakitze eskubidearen inguruan herritarren sare bat osatzen ari da. Sare hori herritar gehiagoren babesarekin handitzen, ehuntzen joan nahi lukete 2015erako programatu dituzten ekintzekin. Nazio mailako erronka bat antolatzen ari dira ekainaren 20rako.

Iaz 150.000 lagun bildu zituzten Durango Iruñearekin lotu zuen giza-katean. Oraingoan jende gehiago batu nahi dute. Ekainaren 20an, herrialdez herrialde, hiriburuetan erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldi bana egingo da. “Hautesontzi erraldoiak irudikatuko dira. Hautesontziok oihal zati ezberdinekin osatuko dira. Herri bakoitzean oihal zati batzuk ditugu, hautesontziak osatzeko erabiliko direnak. Herritar bakoitzak bere atxikimendua oihal zati horretan islatuko du; marrazki, poema, sinadura... bidez. Tela ezberdinak josiz, jende ezberdinen arteko ehuntzea irudikatu nahi da, hautesontzi bat osatzeko, erabakitze eskubide hori gauzatzeko. Gaur ehundu, bihar erabaki”, Gure Esku Dago taldekoen esanetan.

Lasarte-Usurbil artean gutxienez 3.000 lagun bildu nahi dituzte. 1.500, Usurbilen. Uharte-Arakilera joandako 911 lagunen marka ezin hobea hautsi nahi da beraz. “Ekainaren 20an jendeari Donostiako ekitaldira babesa ematera joateko, baina lehenagotik egin behar ditugu etxeko lanak”, diote Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik. Nazio mailako hitzordua, herriz herri bideratu nahi du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak. Aurreko ostiralean Potxoenean 2015erako ekintza plana aurkeztu zutenetik, martxan dute iaz giza-katearekin egin bezala, ekainaren 20ra arte luzatuko duten kanpaina. Datozen hiru hilabeteotan, herritarren atxikimenduak bildu nahi dituzte.

Tutoreak, laguntzaile berriak
Kalera irtengo dira berriz Gure Esku Dago taldekoak, noiznahi ikusiko ditugu izen emate mahaia jarrita dutela. “Txartel bat bete beharko da. Euro bat eskatuko da, gastuei aurre egiteko”, diote Usurbilgo lan taldetik. Eragile ezberdinengana ere jotzeko asmoa dute, datozen erronken berri ematera. Atxikimenduak jasotzeko bideak ugaritu nahi izan dituzte aurten, eta horretarako, figura berri bat sortu dute; tutorearena. “Orain arte iritsi ez garen jendearengana heltzeko modua izan daiteke. Jendea tutore bezala parte hartzera animatu nahi dugu”, diote Gure Esku Dagotik. Tutorearen zeregina; bere inguruan ekainaren 20ko erronkarako jendea biltzea. “Oihal zati bakoitza 20 pertsonentzako da. Tutore hauek oihal baten ardura hartuko lukete”, gaineratu dute.

Martxan duten kanpainako lehen azalpenak dira hauek. Datozen hilabete hauetan zehaztasun gehiagoren berri ematen joango dira Gure Esku Dago taldekoak.

Girotzen joateko, hitzaldia eta Ehuntze Eguna
Ekainaren 20ko hitzorduaren aurretik, erabakitze eskubideari buruz, gaian sakontzeko hitzaldia antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak, martxoaren 27rako. “Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen inguruan indarrak batzen jarraitzeaz gain, eztabaidan ere sakondu nahi du, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dugun egunera begira hainbat kontu erabaki behar baita (zer galdetu, non, nork, etab.). Askotan izan daiteke herritarren aurrean ematea soilik indarrak batzen ari garela, baina beste bide horri ere ekin nahi zaio, eta maila batean egiten ari da. Hitzaldia testuinguru honetan antolatzen da”, Gure Esku Dago taldekoen esanetan. 

Eta ekaineko ekitaldi erraldoia girotzeko Ehuntze Eguna maiatzaren 9an Usurbilen. “Ekainekoa prestatzeko mugarria izango da herrian. Giroa berotzeko festa egun bat”, antolatzaileek diotenez. Datozen ekitaldien agenda hemen:

Martxoak 27, ostirala
19:00
Hitzaldia Sutegin: “Erabakitze eskubidea”.
Hizlariak: Zelai Nikolas eta Gaizka Aranguren.
Moderatzailea: Pello Zubiria.

Maiatzak 9, larunbata
Ehuntze Eguna Usurbilen.

Ekainak 20, larunbata
Erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldiak hiriburuetan. Gipuzkoa mailakoa, Donostian.
Deitzailea: Gure Esku Dago.

Taldearekin hartu emanetan jartzeko:
Ostiralero bilera irekia egiten dute, 18:30etan hasita Potxoenean.
Emaila: usurbilgureeskudago@gmail.com

Errifak salgai
Errifen zozketa ere antolatu dute. Gure Esku Dago mugimenduak aurrerantzean jarriko duen mahaian, edota mugimenduko kideek ere salgai izango dituzte errifak, 2,5 eurotan. Errifak erosteko beste bide bat, usurbilgureeskudago@gmail.com helbidera idaztea. Zenbaki saritua, Gure Esku Dagok martxoaren 19an egingo duen zozketan aterako dute. Hiru sariotako bat irabazi dezakezue:
1- Eskoziara astebeteko bidaia bi lagunentzat.
2- Kataluniara astebeteko bidaia bi lagunentzat.
3- Goierriko landetxe batetara astebeteko bidaia bi lagunentzat.

Irudia: Gure Esku Dago.