Mintegia eta BEC-era joateko EHBilduren deialdi bikoitza larunbaterako

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 4a, 13:58

Hitzordu bikoitza deitu du Usurbilgo EHBilduk, larunbat honetarako, martxoaren 7rako. Batetik, hurrengo legegintzaldirako herri programa osatzeko mintegia antolatu dute, goizeko 10:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. "Azaroan hasi ginen HARI GARA prozesuarekin lanean. Herritarrak dira EHBildu-ren iparra eta hauen zein herri eragileen ekarpen eta iritziak aberasgarri eta ezinbestekoak dira hurrengo lau urteetako ahalik eta udal programa egokiena osatzeko. Horretarako, herriaren beharrak arloka antolatu eta lehentasunak elkarlanean identifikatzea da helburua. Gure proiektu politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala bilduko duen Herri Programa lantzeko zita larunbat honetan izango da".

Larunbat arratsalderako berriz, BEC-era joateko gonbita luzatzen dute. Autobus zerbitzua antolatu dute bertara. 15:30etan irtengo da, Oiardo Kiroldegi paretik. Autobuserako izena, aurrez eman behar da, Aitzagan eta Txiribogako zerrendetan, ostirala baino lehen. Hona EH Bilduren deialdia, BEC-erako:

Euskal bidearen baitan 10.000 urrats emango ditugu datorren martxoaren 7an BEC-en
Munduan eta Euskal Herrian egoera politiko erabakigarria bizi dugu. Herriak altxatzen ari dira beren buruaren jabe izateko, besteak beste Irlanda, Eskozia, Katalunia edo Grezian ikusten ari garen moduan. Herrien bidea herritarren urratsetan, erabakietan, dago. Eta ez beste inorenean. Baita Euskal Herrian ere.

Askatasuna irabazteko abiatu dugu Euskal Bidearen proposamena. Aspaldian hasi zen bidea osatzen, noski, baina gaur eta hemen gure betiko helburua begi erabat argiekin ikusten dugu: urrun, oso urrun heldu gara herri bezala eta independentziaren ametsa errealitate bihurtzeko sekulako aukera dugu esku artean.

Borroka, antolaketa eta elkartasuna funtsezkoak izan dira orain artean bidean aurrera egiteko. Funtsezkoa izan den eta izango den moduan herritarren parte hartzea. Herritarra, norbera bere hitzekin eta ekintzekin, esperientzia eta esperantzekin, bidelagunen eskutik, bide txikietatik bide handietara, taldean antolaturik, multzoetan lanean ... herritarrak finean, herrigintzan 

Zalantzarik ez dugu: herri honentzat askatasuna lortzeko biderik eraginkorrena inoiz osatu dugun bidelagunen multzorik handiena eta zabalena osatzea da, zugandik hasita, herrigintzarako prest zauden horrengandik hasita, era guztietako ekimenen bitartez eta ekimen hauek guztiak elkarrekin josiz, Euskal Herrian demokrazia eta justizia soziala eraikitzeko gai izango garenak. 

Martxoaren 7an urrunago joan nahi dugu zurekin, aurrera egin Euskal Bidean. Horregatik martxoaren 7an bi bidai egingo ditugu: bata, Goierriko  herrietatik BECera autobusez egin behar dena; eta bestea bertan egingo duguna, sorpresaz beteriko ekitaldian. BEC plaza handi bat bihurtuko dugu, herritarren plaza, eta bertan hainbat gertakari izango da. Zalantzarik gabe, bertaratuko diren 10.000 pertsonak izango dira protagonistak.

BECen independentziaren aldeko oihua izango da nagusi. Guretzat irtenbide errealista bakarra Euskal Estatu independentea delako. Inoiz izan ditugun baldintza onenak ditugu horretarako eta inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu: euskal jendartearen gehiengoarekin batera gure herriaren askatasuna irabaztera goaz! Zurea da beraz, urratsa. 

Usurbildik autobusa egongo da. Larunbatean 15:30ean Oiardo kiroldegi aurretik aterako da. Izena emateko zerrendak Txiriboga eta Aitzaga tabernetan daude martxoaren 6ra arte.

Irudia: EHBildu.