Martxoaren 22an, igandez inguruotara helduko den 19. Korrikan, NOAUA! Kultur Elkarteak hartuko du lekukoa, Zubieta, Usurbil eta Aginagatik barrena osatuko duen ibilbide zati batean. Oraingoan, NOAUA!k bazkideoi eskaini nahi dizue, lekukoa eramateko ohorea. Lekukoa eramateko bazkide talde bat osatu nahi genuke. Animatzen? NOAUA!ko bazkide izan eta lekukoa zure eskutan izan nahi baduzu, deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo idatzi elkartea@noaua.eus helbidera.
Batzarra, martxoaren 17an
NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideontzako beste deialdi bat. Kasu honetan, urteko batzar nagusirako gonbita. Martxoaren 17an, asteartea, Potxoenean. 19:00etan lehen deialdia, 19:30etan bigarrena. Bertan besteak beste, ondorengo gaiak izango ditugu hizpide:
1.-2014ko memoria eta balantze ekonomikoa.
2.-2015ko egitasmoak eta aurrekontuak.
3.-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.
4.-Galdera/erantzunak.
2014ko astekariak koadernatzeko garaia
"Agur esan diogu 2014 urteari. NOAUA! guztiak bildu eta 2014ko tapa eta aurkibidearekin koadernatzeko garaia da". Hala da. 2014ko NOAUA! astekariekin bilduma osatzeko garaia heldu da. 557-598 zenbakiak biltzeko tapak eta aurkibideak prest ditugu jada. Nahi duzuenean jasotzera pasa. NOAUA!ko bazkideok doan eskuratu ahalko dituzue, kultur elkarteko egoitzara etorrita. Bazkide ez direnek, 3 euro ordaindu beharko dituzte tapa edo azalarengatik eta 1,20 euro aurkibidearen truke. Koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendan egin dezakezue. Koadernatze lanengatik bai, bazkide direnek eta ez direnek berdin ordaindu beharko dute.