Etorkizuneko Usurbil eraikitzeko dauden proposamenen eztabaida, 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 5a, 04:16

Usurbilek etorkizuna marrazten azken saioa iragarri du Udalak ostegun honetarako, martxoak 5, 19:00etan Potxoenean deitu duten bileran. Aurreko astean, Hiria Antolatzeko Aurrerapen Dokumentua aurkeztu zuten hiru proposamen ezberdinekin. Etorkizuneko Usurbil marrazteko aurkeztu diren hiru ereduon gainean eztabaidatzeko aukera izango da ostegun honetan:

A aukera
Etxebizitza berriak: 536.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 5.092 metro karratu.
Berdegune berriak: 69.668 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, kirol ekipamendua Txokoalden eta ekipamendua Pikaolan.

B aukera
Etxebizitza berriak: 696.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 5.092 metro karratu.
Berdegune berriak: 73.428 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, zahar egoitza, kirol ekipamendua Txokoalden eta ekipamendua Pikaolan.

C aukera
Etxebizitza berriak: 812.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 9.552 metro karratu.
Berdegune berriak: 69.947 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, zahar egoitza eta kirol ekipamendua Txokoalden.

Eztabaidarako tartea, aurkeztu ostean
Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeari lotuta, Udalak irailean martxan jarritako parte hartze prozesuaren bigarren fasean gaude. Gogoan izan, lehenengo fasean, diagnosia aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko dozenatik gora bilera egin zirela, iraila-urria artean; bai auzoka eta baita gaika ere. Prozesu hartatik "jasotako informazioarekin herriko diagnosia osatu dugu, eta orain diagnosi hori oinarri hartuta Hiria Antolatzeko Aurrerapen Dokumentua prestatzen ari gara, zehazki hiru proposamen prestatu dira". Udalak etxez etxe banatu duen aldizkarian dituzue proposamenon inguruko zehaztasun gehiago. Aurreko asteko bileran aurkeztu zituzten. Ostegun honetan, proposamenok eztabaidatzeko tartea hartuko da. Bertaratzeko gonbita luzatu du Udalak. "Zatoz lan saiora eta zure auzorako aurreikusitako etxebizitza kopuruari, espazio publikoaren antolaketari edota ekipamenduei buruz hitz egingo dugu. Gainera, zure kezka eta proposamen berriak aurrez aurre plazaratzeko azken aukera ere izango duzu", Udaletik diotenez.

Martxoak 5, osteguna
19:00 Aurrerakin dokumentuen eztabaida Potxoenean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Informazio gehiago: usurbilorainadageroa.com edo info@usurbilorainadageroa.com