Harrera ezin hobea izan du, Errigora ekimenak antolatu berri duen kanpainak. Nafarroa hegoaldeko oliba olio bidoiak saltzeko eginiko deialdiak erantzun bikaina izan du Usurbilen. Guztira, 65 oliba olio bidoi eskatu dira. Horietatik 39 oliba olio bidoi ekologiko eta 26 bidoi konbentzional, eskaerak egiteko zabalik egon den epearen baitan.
Izen emateko azken eguna zen atzokoa. Bidoiak eskatu dituzuenontzat pare bat ohar. Datorren astelehenetik asteazkenera, tarte horretan helduko dira oliba olio bidoiak NOAUA!ko egoitzara. Heldu ahala, zuekin harremanetan jarriko gara. Datorren ostegunetik, martxoaren 12tik aurrera NOAUA!ra etorri, ordainketa egin eta eskatu duzuen edo dituzuen bidoiak eraman ahalko dituzue. Gogoan izan zeintzuk ziren prezioak:
-Oliba olio birjina estra ekologikoa: 5 litro, 28 euro.
-Oliba olio birjina estra konbentzionala: 5 litro, 20 euro.
"Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura"
Hauxe, Errigorakoek kanpaina berrirako hautatu duten leloa. #ESKUTIKeskura egitasmoaren bidez, bertako produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea proposatzen digute Errigoratik. Iaz, 30-35 herritan bideratu zuten kanpaina hau, eta 30.000 litro olio banatzea lortu zuten, "ehunka lagunen lanari eta ilusioari esker". Aurten, 50 herrietara hedatu dute egitasmoa eta bigarren olio ekoizle bat batu da proiektura.
"Asko gara udazkeneko kanpainako keinuaz haratago, gure kontsumo ohiturak birplanteatu eta, urrunekoen ordez, urte osoan bertako jakiak kontsumitzeko prest gaudenok. Horretara dator #ESKUTIKeskura, Nafarroa hegoaldeko produktuak herriz herri eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskaintzera, despentsa urte guztirako betetzeko. On egin!", diote Errigoratik.
Kalitatezko jakiak eskuratzeko aukera eskaini, Nafarroa hegoaldeko nekazari eta ekoizleen ogibidea babestu eta ingurumena zaindu nahi dute, proiektu honen bidez. Merkaturatze bide berri bat zabalduz, auzolana sustatuz eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat egokiak diren prezioak finkatuz.
Oliba olio bidoien kanpaina amaitu ostean, kontserba loteen egitasmoa sustatuko dute Errigoratik, maiatzean.
Informazio gehiago: http://www.errigora.eus/nafarroa-hegoaldeko-uzta-eskutik-eskura/
Eskaerak sarean: http://www.errigora.eus/eskutik-eskura/#