Irailaz geroztik martxan dagoen Hiria Antolatzeko Plan Orokorrari (HAPO) loturiko parte hartze prozesuko azken bilerako irudia duzue behean. Ostegun iluntze honetan Potxoenean eginda. Martxoaren 5eko hitzordu honekin akabo, Udalak herritarrekin orain arte egindako bilera sorta. Gaurkoan, duela astebete Sutegin aurkeztu zen aurrerapen dokumentua ekarri dute gogora. Etorkizuneko udalerria eraikitzeko 3 proposamen aurkeztu zituzten orduan eta ostegun honetan gogora ekarri dituzte berriz:
A aukera
Etxebizitza berriak: 536.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 5.092 metro karratu.
Berdegune berriak: 69.668 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, kirol ekipamendua Txokoalden eta ekipamendua Pikaolan.
B aukera
Etxebizitza berriak: 696.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 5.092 metro karratu.
Berdegune berriak: 73.428 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, zahar egoitza, kirol ekipamendua Txokoalden eta ekipamendua Pikaolan.
C aukera
Etxebizitza berriak: 812.
Jarduera ekonomikoetarako lurzoru berria: 9.552 metro karratu.
Berdegune berriak: 69.947 metro karratu.
Espazio publiko berriak: 4.090 metro karratu.
Ekipamendu berriak: musika eskolaren handitzea, zahar egoitza eta kirol ekipamendua Txokoalden.
Parte hartze prozesua bideratzen ari diren udal arduradunek gogora ekarri dituzte, aipatu 3 proposamenon nondik norakoak. Proposamenok eztabaidatzeko saioa zen ostegun honetakoa. Iritzi trukaketaren aurretik, orain arte usurbildarrek marraztu duten udalerriaren zenbait zertzelada aurreratu dizkie baita Udalak, Potxoenera gerturatu diren herritarrei. Hauexek dira parte hartze prozesutik etorkizuneko udalerria eraikitzeko atera diren zenbait irizpide; usurbildarren beharrei egokitzen zaien etxebizitza kopurua eta tipologiak proposatzea, 1. sektorearen garapen ekonomikoa sustatzea, herri merktaratzia indartzea, ekipamenduen egokitzapen eta optimizazioa, mugikortasun jasangarria sustatzea... Jasangarritasunarena da, herritarrek, eta Udalak modu berezian, etorkizuneko Usurbil eraikitzerakoan kontutan hartu nahi duten irizpidea.
Informazio gehiago: usurbilorainadageroa.com edo info@usurbilorainadageroa.com