Gaztetxearekiko elkartasun eguna, 19:00etatik Lasarteko Elebeltzen

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 6a, 11:12

Usurbilgo Gaztetxearen aldeko elkartasun eguna ospatuko da ostiral honetan, Lasarteko Elebeltz gune askean. Okupazioaren inguruko mahai ingurua egingo da lehenbizi. "Bertan, Donostiako okupazio bulegoko kideak okupazioarekin lortutako argibideak emango dituzte, nola egin, alderdi legalak, salaketak, isunak...azalduaz. Datu interesgarri asko emango dizkigute gaiaren inguruan. Mahainguruan Lasarteko eta Usurbilgo Gaztetxeen kasuak ere hizpide izango dira. Noiz okupatu zituzten gaztetxeak, zeintzuk, nola...", iragarri dute Gaztetxekoek.  

Mahai inguruaren ostean, pintxo pikoteoa, "merkea eta ona. Bolondresak egongo dira jakiak prestatzen. Aukera izango dugu gauza berriak dastatzeko eta gozatzeko!!". Eta afalostean kontzertu gaua, besteren artean, herriko bi musika talderen eskutik; Kezka (talde berria) eta Desegin izango dira Lasarteko Elebeltzen. Baita Perlak eta Crazy Men taldekoak. "Perlak talde zarauztarra, azken boladan zeresana ematen ari da, eta postpunk soinuak dira nagusi beraien doinuetan. Crazy Men frantziarrak musika elektronikoa egiten dute eta oso ezagunak dira Parisko parajeetan", adierazi dute Gaztetxetik.

Ostiraleko elkartasun egunera joateko gonbita luzatu dute: "Giro paregabea egongo da. Beraz badakizu, azaldu bertara eta disfrutatu guztiaz!".
Irudia: Ibai Arrieta.



Etxepare Rap, afari beganoa girotzen
Datorren astean hitzordu bikoitza Usurbilgo Gaztetxean; afari beganoa martxoaren 12an, rap doinuen erritmora oraingoan. "Janari ugari egongo da, hemen aukeretako batzuk: falafela (garbantzu eta berdurekin eginiko kroketatxoak), marmitakoa (seitana, patata, tipula,...), salda bero beroa gorputzak berotzeko, sagar tarta polakoa... Jaki goxo desberdinak nahi adina dastatu ondoren, ETXEPARE RAP ikuskizuna izango da. Imanol Epelde zarauztarrak Bernard Etxepareren idatziak rapeatuko ditu modu bitxi eta eder batean", antolatzaileen esanetan.

Eta hilaren 14an, kontzertu gaua. Laburbilduz, hemen datozen hitzorduen agenda:

Martxoak 6, ostirala
Usurbilgo Gaztetxearekiko elkartasun eguna, Lasarteko Elebeltz sorkuntza eta eztabaidarako gune askean:
19:00 Okupazioaren inguruko mahai-ingurua. Partaideak: Donostiako okupazio bulegokoak, Usurbil eta Lasarteko gaztetxeetako kideak. 
Ondoren, pintxo pikoteoa, borondatearen truke.
Gauean, kontzertuak: Kezka, Desegin (Usurbilgo taldeak biak), Perlak (Zarautz) eta Crazy Men (Frantzia).

Martxoak 12, osteguna
20:30 Afari beganoa, borondatearen truke. 
Afalostean, Imanol Epelderen “Etxepare Rap” emanaldia. 

Martxoak 14, larunbata
00:00
 Kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Kezka (Usurbilgo talde berria), eta Malta (Zarautz).

Antolatzaileak: Usurbilgo Gaztetxea.

Dj gaua larunbatean, Akerra Gaztetxean
3 DJ saio antolatu dituzte Txokoaldeko Akerra Gaztetxean, larunbat honetan, martxoak 7. Gauerditik aurrera: DJ Rubio, DJ Txoni eta DJ Julen.