Emakume baserritarrak omentzeko eguna

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 8a, 11:31

Martxoaren 8an amaituko dira, Matrakak taldekoek eta Usurbilgo Udalak egunotarako elkarlanean antolatu dituzten ekimenak. Eguerdian, 12:30etan elkarretaratzea deitu dute Mikel Laboa plazan eta 18:00etan Sutegin, herriko emakume baserritarrak omenduko dituen hitzordu berezi bat. 

Landa eremuko emakumeek merezitako omenaldia jasoko dute, martxoaren 8 honetan. Urteetan isilean egin duten lana, izan duten bizimodua bistaratu eta ezagutzera emango du, egun ezin aproposagoan, igandean 18:00etan Sutegin estreinatuko den “Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak” dokumentalak. Ikus-entzunezkoa grabatzen, Leire Urkidi eta Maitane Arnaiz gasteiztarrak aritu dira, Usurbilgo Udalak gai hau lantzeko duela bi urte egin zuen beka deialdiko irabazleak. Dokumentala grabatzeaz gain, ikerketa lan bat ere osatu dute. Maitanek eman dizkio aldizkari honi, egindako lanaren inguruko zehaztasun gehiagoren berri.

Usurbilgo emakume baserritarren inguruan, zer da aztertu duzuena?
Maitane Arnaiz:
Hasiera hasieratik Usurbilgo emakume baserritarren inguruko lana egin behar genuela argi geneukan, baina ikuspegiaren inguruko zalantzak izan genituen. Lehenik eta behin, ekoizpenaren haritik jotzea izan zen gure lehenengo ideia. Baina ondoren konturatu ginen, horrek berriro ere emakumeak bigarren mailan agertuko zituela, eraitsi nahi dugun ikusezintasuna indartu, alegia. Euskal baserrietako ekoizpen lanetan emakumeek lan eta ekarpen handiak egin dituzten arren, protagonismorik handiena gizonen lanak bereganatu baitu. Horrenbestez, emakumeek egin dituzten lanei erreparatzeari ekin genion eta elkarrizketekin hasi berritan emakumeek zenbat lan uztartu, kudeatu eta antolatu behar izan dituzten ikusteak harritu gintuen. Baserriak eskatzen dituen ekoizpen lanak, dirua ekartzen dutenak ez ezik, baita auto-hornikuntzari dagozkionak ere. Bestetik, ezin aipatu gabe utzi zaintza-lanak, etxeko txikien zaintza eta hezkuntza, baina baita zahar eta gaixoen zaintza ere. Horietan guztietan, amak ez ezik, etxeko gainontzeko emakumeak ere jardun dira: amonak, izebak, ahizpa nagusiak, auzokideak,…Era berean, badira etxetik kanpo beste pertsona batzuk zaintzera joan behar izan dutenak. Horretaz gainera, etxeko mantenimendu lanak, auzokideekiko harremanak eta etxera zetozen bisitak artatzea aipatu ditzakegu. Miresgarriena, horiek guztiak nola gobernatu dituzten, leku guztietara heldu eta dena prest egon zedin. Eta gaur egun ere hala egiten jarraitzen dute.

Baserriko lanak generoaren arabera nola banatzen diren ere aztertu dugu. Argi dago baserrian, beste edonon bezala (horretan ez baita berezia euskal baserria), emakume ala gizon izan egokitzen diren lanak ez direla berdinak.

Horretaz gain, bere kokapen, neurri eta ezaugarriengatik Usurbilek eta bertako auzuneek herri gisa dituzten berezitasunak jaso nahi izan ditugu. Eta horrek era berean bertako baserritarren bizimodu eta jardunean nola eragin duen. Ikuspegi historikoari ere heldu diogu eta baserrietan eta baserritarren bizimoduan zelako bilakaera gertatu den aztertu dugu: aisialdia, elikadura, lanbideak, ohiturak, baloreak,…

Laburbiltzeko Usurbilgo baserriaren izaera eta baserritarren bizimodua jaso nahi izan dugu emakumeen hitzetan.

Zer nolako ahotsak bildu dituzue?
Zaila da zer nolako ahotsak bildu ditugun esatea, oso anitzak eta elkarren artean ezberdinak izan baitira jasotakoak. Maiz arazo bertsuei aurre egin behar izan badiete ere, nork bere garaia bizi izan du, bere etxea, bere familia, nork bere historia dauka eta nork bere bidea urratu behar izan du. Elkarrizketetan jaso ditugun esanak, gainera, oro har ez dute elkarren antzekotasunik izan. Eta hein handi batean hori zen bilatzen genuena, elkarrizketa irekiak, non gure galderak emakumeek kontatzeko zeukatena azaleratzeko bide emango zuten. Igandean ikusi ahal izango den dokumentala, honen guztiaren lagin txiki bat baino ez da izango, mokadutxo bat. Ezinezkoa baita, elkarrizketetan jasotako guztia dokumental labur batean biltzea. Baina espero dugu igandeko emanaldia liburuarekiko interesaren pizgarri izatea.


Nolakoak dira Usurbilgo emakume baserritarrak?
Esan bezala, ez da erraza Usurbilgo emakume baserritarren izaera bilduko dituen hitza aurkitzea. Anitzak direla diogu; batetik, hainbat belaunalditako emakumeak ezagutzeko aukera izan dugulako; bestetik, herri bat bera izan arren, auzo batean ala bestean bizi, ezberdintasunak badirelako: ohiturak, lekuak, elkarteak, jendarteko hartu emanak edota baserriko jarduna bera.

Baina faktore horietaz gain, pertsonalek ere eragiten dute. Usurbilgo baserrietan ez dago berdinak diren bi emakume eta ama-alabak edota ahizpak ere elkarrizketatu ditugu; beraz, atera kontuak! Kontakizunei dagokienean ere; nork bere galbahetik azaldu dizkigu haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak; nork bere bizipenetatik abiatuta deskribatu digu baserria; eta nork bere ikuspuntuaren arabera azpimarrratu dizkigu baserriko bizimoduaren alderdi batzuk ala besteak. Batzuek baserrian bizitzearen gogortasuna aipatu digute; beste batzuek emakumeek jasan behar izan dituzten injustiziak salatu; beste hainbatek goxotasunez begiratu diote baserriari; eta beste batzuek, aldiz, malenkoniatsu bizi estilo horren gainbehera hurbil sumatzeagatik.

Zaila den arren, Usurbilgo emakumeak nolakoak diren esatera ausartuko banintz, oso kementsuak direla esango nuke.


Landa eremuko emakumeek, zer nolako bizimodua izan dute?
Usurbilen behintzat, gogorra izan da. Lehen esan bezala, baserriaren inguruko denetariko iritzi eta balorazioak jaso ditugun arren; guzti-guztiek, salbuespenik gabe, aipatu dute baserriko lanaren eta bizimoduaren gogortasuna, etengabeko lana, baserriak sortzen den lotura. Dena dela, galdetuta, denek izugarri maite dute baserria, ez lukete egundo aldatuko daukatena eta batzuek kalean bizitzen moldatuko ote liratekeen zalantza ere badute. Aipatzekoa da, bestetik, elkarrizketatutako emakumeek nola deskribatzen duten euren egunerokoa inguruko gizonen bizimoduaren aldean. Gehienek azaltzen dute pribilejio eta askatasun gutxiago izan dutela; lan gehiago egin behar izan dutela; eta nolabait, zapalduta egon direla.


Zer ekarpen egin nahi dio herriari, grabatu duzuen dokumentalak eta egin duzuen azterlanak?
Gure historiaren kontakizunari eta egungo jendartearen iruditeriari egin nahi dio ekarpena. Ikusezin (izan) dena azalarazi nahi du eta errealitatearen ikuspuntu beteagoa eman.

Martxoaren 8an estreinaldia. Zergatik ez dugu galdu behar?
Herriko emakumeei omenaldia izango delako.

Dokumentalaren estreinaldira joan ezin duenak, gero dokumentala eskuratu edo ikusteko aukera izango du?
Bai. Udalak DVDak eta liburuak argitaratuko ditu.