Aurreko astean, Usurbilgo Udaleko udalbatza izan zen. Otsailaren 24ko osoko bilkuran, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok udalerri euskaldunen aurka jarritako helegiteei loturiko mozioa aurkeztu eta onartu zuten aho batez, EH Bildu, EAJ-PNV eta Hamaikabat udal taldeek. Euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartzeaz gain, Urquijoren esku hartzea salatu eta Udalak jasotako helegitearen aurrean babesa eskatzen zioten Eusko Jaurlaritzari. Larunbatean Donostian, milaka lagunek oztopoen gainetik euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu ostean, Usurbilgo eta beste hainbat tokietako udalek eginiko babes eskaera eta Urquijoren jokabidean aurreko salaketa mezua, Gasteizko Legebiltzarrera heldu da ostiral honetan.
EH Bilduk mozioa aurkeztu du, "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuaren ordezkaria egiten ari den euskararen erabileraren aurkako kanpainari buruz". Testua gehiengo osoz onartu dute Legebiltzarrean, EH Bilduren eta EAJ-PNVren babesarekin. Honela dio hitzez hitz, EH Bilduk aurkezturiko mozioak:
1. Legebiltzarrak berretsi egiten du euskaraz idatzitako dokumentuek lege-balio osoa dutela euskara hizkuntza ofiziala den lurralde guztietan eta edozein administrazio publikorentzat, Estatuaren periferiako Administrazioa barne.
2. Ondorioz, Espainiako Gobernuaren ordezkariak euskaraz idatzitako akten auzian duen jokabidearen harira, Legebiltzarrak babestu egiten ditu hala nahi duten udalek aktak euskaraz egin eta administrazioetara bidaltzea eta baita ere Jaurlaritzak gai horretan abiatu dituen jarduerak.
3. Legebiltzarrak Espainiako Gobernuaren ordezkariari eskatzen dio errespetatu eta bete dezala Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna.