Hunkigarriak, atzo Sutegira bertaratu zirenei barruraino heldu zitzaizkien ahotsak, hitzak, bizipenak, oroitzapenak, hausnarketak. Orain arte isilpean, ezkutuan zirenak, Martxoaren 8tik entzunak, aitortuak eta omenduak. Nekazari lanetan, abereak gobernatzen, azoketan saltzaile, etxekoak hezi, elikatu eta zaintzen, balore eta ohituren transmisore... Aitortu gabeko zenbat eta zenbat lan egiten duten. Hori eta askoz gehiago egin dute emakumeek historikoki, Euskal Herriko baserriak gaur arte zutik mantentzeko. Baserrietako "zutabe eta helduleku" izan dira emakumeak betidanik, Mertxe Aizpurua alkateak atzo arratsaldean Sutegin zioenez.
Aurtengo Martxoaren 8 hau, emakume baserritarrak omentzeko eguna izan dugu Usurbilen. Eta omenaldirako, zer hobeto, hitza protagonistei ematea baino. Atzo arratsaldean estreinatu zen Sutegin, "Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak” dokumentala. Usurbilgo Udalak 2013an eginiko beka deialdi batetik datorren proiektua da. Baserrietako emakumeek historikoki izandako papera, egindako lana, ikuspegi feminista batetik jorratu, jaso, ikusgarri egin eta ezagutarazi nahi zuena. Beka deialdi hartara aurkeztu ziren, Maitane Arnaiz eta Leire Urkidi. Beka deialdia irabazi eta 2013ko udazkenean, herriko emakume baserritarren ahotsak biltzen hasi ziren, elkarrizketen bidez. Lanketa honen emaitzaren zati bat izan da igande honetan Sutegin aurkeztu duten dokumentala.
Laster, etxean jasoko duzue
Kultur etxeko auditorioa bete zuen proiekzioa, emakume baserritarren omenaldi txalotuan bilakatu zen. Egitasmo hau bideratu dutenen aldetik, Udala eta dokumentalaren egileen partetik (beheko argazkiak dituzue), esker hitzak baino ez zituzten izan, proiektua gauzatzen lagundu dutenentzat, eta noski, modu berezian, dokumentalean, nahiz oro har, egitasmoan parte hartu duten emakume baserritarrentzat. "Eskerrak dokumentalean parte hartu dutenei, esperientzia herritarrekin partekatzeagatik", zioen Enara Arbizu, parekidetasun saileko zinegotziak. "Plazerra izan da Usurbil eta bertako emakume baserritarrak ezagutzea. Asko ikasi dugu beraiengandik. Gauza batzuk guretzat gordeko ditugu, beste batzuk dokumental eta liburuan islatuak aurkituko dituzue", gaineratu zuen dokumentalaren egileetako batek, Maitane Arnaizek. Herriaren memoriarako betiko geratuko dira lanok.
Sutegin estreinatu berri den dokumentala laster izango duzue eskuragarri. Udalak etxez etxe banatzeko asmoa du doan, udaberri honetan. Ikus-entzunezko lana halere, Maitane Arnaizek eta Leire Urkidik egin duten proiektuaren zati bat da. Usurbilgo emakume baserritarren inguruko liburu bat ere prestatu baitute. Atzerapenik ez bada, udaberrian kaleratuko da.