Urriaren 13an hasiko da, Marisa Alejandro eta beste 34 lagunen aurkako epaiketa

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 9a, 12:15

Atzerapenik ez bada behintzat, urriaren 13an abiatuko da Madrilgo Espainiako Auzitegi Nazionalean, Marisa Alejandro usurbildarraren eta Ezker Abertzaleko beste 34 kideren aurkako epaiketa. Hala berri ematen ari dira hedabideak. Antza, Auzitegi Nazionalak epaiketa hasiera eguna jakinarazi die auziperatuei. Epaiketa egunen egutegia baita, eta aurreikusten denez, abenduaren 18ra arte luzatuko da epaiketa. 6-10 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 35 euskal herritarrontzat.

Bitan atzeratua
Epaiketak izatez, urtarrilaren 12an hasi behar zuen. Baina egun berean, euskal abokatuen aurka izandako polizia operazioaren baitan, Ezker Abertzaleko hainbat auziperaturen defentsa lanak egin behar zituzten hiru abokatu atxilotu zituzten. Epaiketa urtarrilaren 29ra arte atzeratu zuten. Bezperan ordea, urtarrilaren 28an, bertan behera geratu zen berriz, noiz abiatuko zen zehaztu gabe. Astelehen honetan jakin denez, urriaren 13an abiatuko da. Bateragune auzian espetxeratuak dauden Ezker Abertzaleko kideak atxilotu zituztenetik 6 urte beteko diren egun berean.

Auziperatuak libre nahi dituzte herritarrek
Epaiketa politikoen behin betiko amaiera, auziperatu guztiak libre uztea, eta espetxeratze gehiagorik ez gertatzea eskatu zuten usurbildarrek, urtarrilaren 18an Mikel Laboa plazan buruturiko agerraldi jendetsuan. Urriaren 13an epaitzen hastekoak diren Ezker Abertzaleko 35 kideei, elkartasuna adierazi zieten. Tartean, modu berezian hitzorduan parte hartu zuen herritar eta auziperatuetariko bati; Marisa Alejandrori. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du guztientzat. “Euren delitu bakarra 2005-07 artean, bere eskubide politiko eta zibilak erabiliz lan politiko, publiko eta instituzionala egitea da”, zioten urtarrilaren 18ko agerraldian.

Marisa eta gainerako auzipetuak libre nahi dituztela aldarrikatu zuten, "Je suis basque" kartelak eskutan zituztela ekitaldira bertaraturiko herritarrek. Modu bidegabean leporatu zaiena bertan behera utzi eta urratuak izan zaizkien hainbat eskubide berreskuratzea. “Marisaren eskubide zibil eta politikoak jokoan daude” eta, azpimarratu zutenez.

Bat eginik, 04/08 epaiketaren aurka
Epaitua izango den herritar bati elkartasuna adierazteko batu zituen duela hilabete, otsailaren 7an Sutegin, Usurbilgo EHBildu eta EAJ-PNV. 04/08 sumarioari lotuta, Madrilen epaitu asmo dituzten 35 euskal herritarrei, modu berezian Marisa Alejandro herritarrari, euren babesa helarazteko batu ziren bi eragile politikoak, kultur etxeko auditorioan egin zuten agerraldian.

Gogoan izan, hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, Marisa eta beste 34 lagunentzat. Zergatik eta, agerraldian aipatu bi eragile politikoek ondo adierazi zuten moduan, "euren eskubide politiko eta zibilak baliatuz, lan politiko eta instituzionala burutzeagatik". Horregatik, ziotenez, "larria iruditzen zaigu oraindik, epaiketa hori egiteko asmoa bere horretan egotea". Bertan behera uztea eskatu zuten, politikoa izan eta lekuz zein garaiz kanpo dagoen epaiketa hau.

Garai berriekin konprometituta
Espainiako Gobernuari arduragabekeria baztertu eta "egungo legedia oinarri hartuta eta salbuespenekoa atzean utzita" bizikidetzaren aldeko aurrerapausoak ematea galdegin zioten. Arduraz jokatzea eta bizikidetzaren aldeko konpromisoak bururaino eramatea ere beharrezkotzat jo zuten.

Bizi dugun egoera berri honen aldeko konpromisoa ere adierazi zuten, Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-PNV-k. Etorkizun hobego bat lortzeko, otsailaren 7an bi eragile politikoek eginiko agerraldi bateratuarekin, aletxo bat jarri nahi izan zutela zioten, "elkarrekin urrats txiki handi hau eginez, guztion bultzadarekin amesten dugun eta euskal gizarteak behar eta merezi duen bakea lor dezagun". 

Agerraldian plazaratu zuten adierazpena, albiste honi atxikitako bideoan duzue.