Sutegi hunkitu zuen Usurbilgo emakume baserritarren inguruko dokumental proiekzioarekin, amaitu dira Martxoaren 8ari lotuta, Matrakak Taldeak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu dituzten ekitaldiak. Albiste honetan atxikitako bideoan duzue, dokumentala ikusi aurretik, egitasmoa sustatu dutenen adierazpenak; Mertxe Aizpurua alkatearen, Enara Arbizu parekidetasuneko zinegotziaren eta Maitane Arnaiz dokumentalaren egileetako baten hitzak.
Azken egunotan ospatu diren ekimenak, guztiz parte hartzaileak izan dira; bertso-afaria, Yolanda Arrietaren hitzaldi-tailerra, elkarretaratzea eta aipaturiko dokumental proiekzioa. Iruditan bildu ditugu, albiste honetan beherago dituzue.
Hitzordu hauei, Elhuyarrek ostiralean eginiko ekimen bat erantsi behar zaie; martxoaren 8aren bezperatan, parekidetasunaren alorrean landu duten egitasmo berri baten proba pilotua egin zuten euren egoitzan bertan. Emakume eta gizonen inguruko parekidetasunari loturiko materiala prestatu dute, gerora Elhuyarretik kanpo zabaltzeko. Zabaldu aurretik ordea, ostiralean proba pilotua egin zuten Elhuyarren (albiste honetan beherago duzue irudia).
Martxoaren 22ko proiekzioa, bertan behera
Aipatu moduan, Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak biltzen dituen dokumentala estreinatuz, amaitu dira Martxoaren 8ari loturiko ekimenak. Matrakak Taldetik azken oharra. Martxoko kultur agenda eta karteletan, martxoaren 22rako "Persepolis" film emanaldia iragarria zuten. Baina egun berean 19. Korrika eguna ospatuko denez, proiekzioa bertan behera uztea erabaki dute.