"Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz"

Noaua Aldizkaria 2015ko mar. 11a, 10:38

"Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz", Martxoaren 8 honetarako Matrakak taldekoek deituriko elkarretaratzerako hautatu duten leloa. Hala zioen Martxoaren 8an eguerdi partean Mikel Laboa plazan burutu zen mobilizazioko aldarriak, baita elkarretaratze amaieran egun honen inguruan Matrakak Taldekoek egin zuten irakurketan ere. Herritar talde bat bildu zuen hitzorduan, egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak bizi duen krisi sakona nabarmendu nahi izan zuten. Besteak beste, bereizkeria gainditzeko Euskal Herriak proiektu feminista bat behar duela aldarrikatu zuten. Kurdistanetik igande honetan bertan abiatzekoa zen Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin eta iraila amaieran, aipatu ekimena Euskal Herrira helduko dela gogorarazi zuten. Azken asteotan Euskal Herrian izan diren eraso sexistak salatzeaz gain, pare bat gonbita ere luzatu zituzten. Ekitaldiotarako hain zuzen:

Martxoak 8, igandea

18:00 "Lurra, lana, izana. Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak", dokumentalaren proiekzioa. Egileak: Maitane Arnaiz eta Leire Urkidi, Udaleko Parekidetasun Sailak antolatutako ikerketa bekaren irabazleak.

Antolatzaileak: Matrakak eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 14, larunbata

21:00 Hernaniko plazatik abiatuta, sagar moreen iraultza. Manifestazioa herriko kaleetatik barrena, sagardo garaian izaten diren sexu erasoak salatzeko.